Spotify utzi dute Zarauzko hainbat musika taldek

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 19a

Ithaka musika taldea. (utzitakoa)

Musikariak Palestinarekin ekimenari batuta, musika plataformari boikota egin diote, "sionismoaren kontra eta palestinar erresistentziaren alde". Zarauzko musika taldeen artean daude Isuo, Occhi di farfalla, Ginger, Erantzun, Humilitate eta Itahaka.

Euskal Herriko 162 musika taldek –guztira 650 musikari baino gehiagok– Spotify plataforma utzi eta beren kantuak bertatik kentzea erabaki dute, Musikariak Palestinarekin ekimenak atzo Iruñean egindako agerraldian zehaztu zutenez. "Jakinik Spotifyrentzat ez garela inor, asmo hori bera bultzatu nahi dugu kontrako norabidean: Spotify ez dadila ezer izan guretzat", laburbildu dute egitasmoko partaideek. Zarauzko hainbat taldek bat egin dute, eta Spotify plataforma utzi dute: Isuo, Occhi di farfalla, Ginger, Erantzun, Humilitate eta Itahaka.

Iruñeko Katakraken eskainitako prentsaurrekoan azaldu zutenez, Spotify plataformatik joateko arrazoien artean, "askorentzako urak gainezka egiteko falta zen tanta Daniel Ek Spotifyko buruzagiak dron militarrak garatzen dituen Helsing Defense armagintza enpresan 700 milioi euroko inbertsioa egin izana da". Hain zuzen ere, Daniel Ek musika plataformaren buruak ia 700 milioi euroko inbertsioa egin dio Israelgo hainbat enpresekin harremana duen Helsing Defense armagintza enpresari. "Bi urte pasatxo dira Israelgo estatu sionistak bortizki gogortu zuela palestinar herrian aspaldi gauzatzen ari den okupazioa. Hondoko zarata bihurtu zaigun hori genozidio bat da, eta testuinguru horretan izan genuen askorendako urak gainezka egiteko falta zen tanta izan denaren berri", kontatu dute agerraldian.

Abuztuaren hasieran jarri zuten martxan Musikariak Palestinarekin ekimena, pare bat taldeen eskutik, eta dagoeneko 650 musikaritik gora batu zaizkio mugimenduari. "Hala eta guztiz ere, oso kontziente gara gehiago ere izanen garela, geruza asko ditugu ukitzeko. Gauzak horrela, lerro hauek probestu nahiko genituzke antolakuntzara batu nahiko lukeen orori ateak irekita dituela esateko", nabarmendu dute musikariek.

Amaitzeko, beren entzuleak "sionismoaren kontrako eta palestinar herriaren erresistentziaren aldeko boikotera" batzera deitu dituzte. 162 talde eta musikarien zerrendan eskualdeko beste hainbat ere badaude; esaterako, Zumaiako Eire eta Jon Maia edota Orioko Ithaka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide