Larunbatean da Santa Zezilia aguna, Musikarien Nazioarteko Eguna, eta beste urte batez, Imanol Urbieta udal musika eskolako ikasle eta irakasleak kalera aterako dira festara. Jaialdia 17:00etan hasiko da Musika plazako kioskoan, eta teklatua, biolinak eta txeloak joko dituzte.
Ondoren, 17:30ean, bi kalejira abiatuko dira. Lehen kalejira musika eskolatik hasiko da eta txistu, trikiti, pandero, gitarra, tailerreko eta solfeoko ikasleak arituko dira. Bertan, Musikalean, Ikusi mendizaleak, Behin betiko eta Bizitza kantu bat da piezak joko dituzte. Ibilbideari dagokionez, tren geltokiko lurpeko pasabidetik igaro, Amalur parkea eta Paxo pasabidea zeharkatu eta San Frantzisko kaletik Lege Zaharren Enparantzara iritsiko dira, azkenik Musika plazan amaitzeko.
Bigarren kalejira estazioko plazatik hasiko da. Haizeko musika tresnek eta perkusioak izango dute protagonismoa, eta Gora euskara eta Agur agur piezak joko dituzte. Zigordi, San Frantzisko eta Kale Nagusia igaroko dituzte, Musika plazara iritsi arte.
Bi kalejirak amaitu ostean, Tuttia egingo dute. Musika plazara iritsita, tailerreko sei eta zazpi urteko ikasleek eta solfeoko ikasleek kiosko gainean abestuko dute bertan dauden musika tresnen laguntzarekin. Musikariak, Bizitza kantu bat da, Ikusi mendizaleak eta Behin betiko joko dituzte.
Amaieran, txokolatea dastatzeko aukera izango da Musika plazan. Eguraldi txarra egiten badu, kioskoan aurreikusitako emanaldia bertan behera geratuko da eta kalejirak musika eskolako portxean egingo dituzte. Txokolatea ere han banatuko da.