Tronpeta eskuan, ibili munduan

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2025eko azaroaren 30a

Musika du afizio eta ofizio Beñat Aristik. Elgoibarko musika eskolako zuzendari eta irakaslea da, baita Zarauzko Musika Bandako eta Tik Tara taldeko kide ere. Horietan guztietan du tronpeta eskuan. Orain, Zarautz Guka aldizkariko Musika Kaxa ataleko galderak erantzutera ausartu da.

Kontzertu bat emateko, alkandora zuria ala koloretsua?

Zaila da aukeratzea, egia esan. Alkandora zuriak seriotasun puntu bat ematen du, eta koloreduna aproposagoa da parranda edota dantza girorako. Hala eta guztiz ere, bat aukeratzekotan alkandora zuriaren aldeko apustua egingo nuke.

Familia musikaria izanda, osatuko al zenuke beraiekin talde bat? Nolakoa izango litzateke?

Jada Zarauzko Musika Bandan jotzen dugu, aita zuzendaria da, eta anaiak eta osabak nirekin jotzen dute. Nahikoa bada hori, beraz, ez dut uste ideia ona denik beste talde bat sortzea.

Ametsetako kolaborazio bat?

Gustatuko litzaidake orkestra handi batekin kolaboratzea, hala nola Chicagokoarekin (AEBak) edota Berlingoarekin. Wynton Marsalis tronpeta jotzaile eta konpositore estatubatuarrarekin ere gustura egingo nuke lan.

Tronpetarik ezean, zein musika tresna aukeratuko zenuke?

Oso zaila da aukeraketa egitea, egia esan. Tronpetaz gain, gitarra eta pianoa ere jotzen ditut, baina beste bat aukeratzekotan, biolina hautatuko nuke.

Tik Tararekin jotzen dituzun abestiak dantzatzen al dituzu ezkutuan?

Bakarrik nagoenean, kaskoak jantzta, bai, egiten dut dantza. Jende gehiagorekin, ordea, kostatu egiten zait, pixka bat lotsatia bainaiz.

Zein autore klasiko moldatuko litzateke ongi salsa erritmoetara?

Esango nuke Beethovenen sinfonietako bat badagoela dagoeneko estilo horretara moldatuta.

Lehen zita baterako, zuen zein abesti aukeratuko zenuke?

Zita lasaia bada, jazz kuarteto bat edo piano jotzaile bat ideia aproposa iruditzen zaizkit. Parranda giroan, berriz, Tik Tararen Korapiloak aukeratuko nuke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide