Arantza Arruti militante abertzalea omenduko dute ostiralean

Ian Ruiz Lizaso 2025eko azaroaren 5a

Arantza Arruti militante abertzalea. (Utzitakoa)

79 urterekin hil zen zarauztarra abuztu amaieran. 70eko hamarkadan Burgosko Auzian epaitutako ETAko kideetako bat izan zen, eta ezker abertzalearekin lotuta jarraitu zuen bizitza osoan.

Arantza Arruti militante abertzaleari omenaldia egingo diote ostiralean, azaroaren 7an, 19:00etan, Musika Plazan. Bertan, bere bizitza borrokalariaren ibilbidea errepasatuko dute, besteak beste, berari egindako elkarrizketa ezberdinen bideo zatiak erabiliz. Honez gain, Mugimendu feministako kideek hitza hartuko dute, baita Ezker Abertzaleko ordezkaria den Lur Albizuk ere. 

Bestalde, pasa den astetik kamisetak Arranon daude salgai, eta asteburuan ere bertan izango dira. Bi modelo daude, mahuka motzekoa eta mahuka luzekoa, biak 15 euroren truke.

Aldarriz betetako bizitza

Arruti 79 urterekin hil zen abuztu amaieran. 70eko hamarkadan Burgosko Auzian epaitutako ETAko kideetako bat izan zen, eta ezker abertzalearekin lotuta jarraitu zuen bizitza osoan.

Gaztetatik izan zuen Francoren aurkako ideologia, eta 19 urte zituela sartu zen erakunde armatuan. 1969ko azaroaren 10ean atxilotu zuten Iruñean Gregorio Lopez Irasuegi bikotekidearekin batera; azken hori aske utzi zuten haren kontrako kargurik ez zutelako. Atxilotu zutenean haurdun zegoen Arruti, eta sufritu zituen torturen ondorioz umea galdu zuen. 

Urtebete geroago Burgosko Auzian epaitu zuten; auzitegi militar batek ETAko hamasei kideri egindako epaiketa izan zen hura. Kide gehienei zigor gogorrak jarri zizkieten, baina Arruti absolbitu egin zuten; 1974an utzi zuten aske.

2015eko azaroan Berriari eskainiko elkarrizketan ondorengoa adierazi zuen: "Nik lau sumario nituen, baina guztiengatik epaituta nengoen ordurako. Kartzelan, krisia izan nuen, eta tratamendu psikiatrikoan egon nintzen. Neska horrek badu nahikoa, esan zuten, eta, gainera, horrek justizia itxura egiteko aukera ematen zien".

Kartzelatik atera ondoren, ez zuen alboratu bere militantzi sena eta politikagintzan jarraitu zuen. Besteak beste, 1998an Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu zen Euskal Herritarrok alderdirekin eta EH Bilduko Gipùzkoako zerrendan joan zen 2015ean. Era berean, mugimendu feministetan buru-belarri aritu zen: Aizan lehen erakunde feministan eta Bilgune Feministan, esaterako.

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide