Zarauzko Udalak bizikletan segurtasun elementuak eramatearen garrantziaz kontzientziatu nahi ditu herritarrak eta, batez ere, gazteak. Horregatik, iaz bezala, aurten ere gaia lantzeko kanpaina abiatu du; aste honetan, adibidez, bizikletan argien eta kaskoaren erabilera egiten dela ziurtatzeko kontrolak egingo dituzte.
Zarauzko Udaltzaingoak azken urteetan hainbat motatako ekintzak jarri ditu abian mugikortasun "seguruagoa eta atseginagoa" lortzeko helburuarekin; esaterako, Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina, edota bizikidetza guneen ezartzea. Hain justu ere, testuinguru horren barruan abiatu dute bizikletan segurtasun elementuak eramatearen garrantziaz kontzientziatzeko kanpaina hau.
Zarauzko Udaleko Mugikortasun zinegotzi Iker Basurkoren esanetan, udalean jakitun dira "herritarrentzat segurtasunak duen garrantziaz eta Zarautzen dagoen bizikleta kopuruak suposatzen duen erronkaz". Ildo horretatik abiatuta, azpimarratu du urtetik urtera lanean jarraitzen dutela "oinezko, bizikleta eta ibilgailuen arteko bizikidetza eta errespetua sustatzeko".
Bere aldetik, Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Gervasio Gabirondok kanpainaren garrantziaz hitz egin du: "Bizikletan argiak erabiltzea derrigorrezkoa bada ere, herritar asko oraindik ez dira jabetzen segurtasun elementuak eramatearen beharraz eta garrantziaz, eta horretan lan egin behar dugu".
Udaltzaingoaren kontrolak
Hori horrela, aste honetatik aurrera argien eta kaskoaren erabileraren inguruko kontrolak egingo ditu Udaltzaingoak. Izan ere, udazkenean eta neguan lehenago iluntzen du, eta horren aurrean, udalaren hitzetan, "premiazkoa da norbere segurtasunaren eta ikusgarritasunaren inguruan kontzientziatzea".
Erakundeak zehaztu duenez, bizikleta gehien egon ohi diren lekuak eta ordutegiak kontrolatuko ditu Udaltzaingoak egunotan, eta uneoro beteko du egoera bakoitzean zaurgarriena den elementua babesteko irizpidea.