Hamar upategitako txakolina dastatzeko aukera, biharko festan

Intza Trula 2025eko azaroaren 1a

Maider Izagirre Zurekin elkarteko koordinatzailea, Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorrizko izeneko idazkaria. (Zarauzko Udala)

Txakolin Eguna ospatuko dute bihar herrian, Zarauzko Udalak eta Getariako Txakolina jatorri izeneko bulegoak antolatuta, eta Zurekin Zarauzko ostalarien elkartearen laguntzarekin. 11:30ean ekingo diote jardunaldiari Lege Zaharren Enparantzan.

Azaroko lehen igandearekin batera, Txakolin Eguna ospatuko dute beste urte batez Lege Zaharren Enparantzan, eta, aurtengoan, hamar upategik parte hartuko dute. Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak eta Getariako Txakolinak antolatu dute egitaraua, Zurekin Zarauzko ostalari elkartearen laguntzarekin.

11:30ean hasiko da txakolinaren bueltako festa: Txermenduaren eXperientzia izeneko tailerra eskainiko da bertan, familia osoarentzat. Zurekin elkartearen eskutik. 12:00etan, Txakolin Dantza egingo du Jalgi dantza taldeak, Arrain Zopa kantu taldearen laguntzarekin, eta bertso saioa ere izango da, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin. Jarraian hasiko da txakolin dastaketa, eta bertan izango dira Getariako Txakolina jatorri izeneko txakolinak. Gainera, Eusko Labelek solomo pintxoak eskainiko ditu.

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, biharko egunean "gure inguruko txakolingileek urte osoan zehar egindako lanaren fruituaz gozatzeko aukera paregabea" izango dute herritarrek. Hala, herritar guztiak gonbidatu ditu Lege Zaharren Enparantzara, "giro onean txakolinaz gozatzera".

Hori horrela, ondorengoak dira Txakolin Egunean parte hartuko duten hamar upategiak: Mokoroa, Akarregi Txiki, Katxiña, Basa Lore, Ameztoi, Talai Berri, Rezabal, Blai, Txomin Etxaniz eta Gaintza.

Gainera, festaren aitzakian, Zurekin elkarteko tabernen eskutik, hainbat establezimenduk txakolina eta pintxoa prezio berezian eskainiko dituzte azaroaren 2ra bitartean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide