Tolosako 56. Abesbatza Lehiaketarekin elkarlanean, eta Zarauzko Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, Zarautz Abesbatzak Nazioarteko Ahotsak zikloaren beste edizio bat antolatu du. Jaialdiari gaur emango diote hasiera eta igandera arte luzatuko da, eta munduko txoko ezberdinetako abesbatza taldeen emanaldiez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Letoniako Kultur Akademiako Sola Youth Choiren emanaldiarekin hasiko da jaialdia. Kaspars Adamsonsen gidaritzapean, 1998. urtean sortu zen taldeak hainbat lehiaketatan eta kontzertutan parte hartu du, bai Letonian, bai atzerrian. Grabazio batzuk ere egin ditu; berriena Spotifyn aurki daiteke.
Emanaldia 20:30ean izango da, hain zuzen ere. Sarrerak kontzertua hasi baino ordubete lehenago izango dira eskuragai eliz atarian, bost eurotan; Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, berriz, hiru euro balioko du sarrerak.