Urriaren 30etik azaroaren 2ra Tolosako 56. Abesbatza Lehiaketa egingo dute eta, ohi bezala, munduko txoko ezberdinetako abesbatzek parte hartuko dute txapelketan. Urteroko legez, egitasmo horren ildotik, Nazioarteko Ahotsak zikloa egingo dute Zarautzen, Tolosako (Gipuzkoa) Ekinbide Etxearen eta Zarautz Abesbatzaren arteko harremanari esker, eta Zarauzko Udaleko Kultura sailak lagunduta.
Zarautz Abesbatzako lehendakari Juanan Urdangarinek poz handiz eman ditu aurtengo edizioaren inguruko azalpenak: "Aurten deigarria da Letoniako zenbat abesbatzak bisitatuko duten Zarautz, bost taldeetatik hiru hangoak izango baitira. Hortaz, Letoniako musika ezagutzeko aukera izango dugu". Urdangarinek kontatu duenez, abesbatzarako tradizioa duen herrialde "txiki baino potentea" da Letonia. Izan ere, Letonian abestea ohitura dela kontatu du, eta, halaber, eskolan ahotsa lantzea eta taldean abestea sustatzen dituztela.
Aurten zenbait aldaketa izan dira musika zikloaren antolakuntzan, eta saio bakoitzak bere ordutegia izango du. Gainera, aurreko edizioetan bezala, emanaldi guztiak Frantziskotarren Elizan izango dira, azken saioa izan ezik; azken hori Santa Klara elizan egingo dute estreinakoz, eta Letoniako Anima Solla abesbatza osatzen duten sei ahotsek eskainiko dute, azaroaren 2an, 19:00etan.
Talentu handia
Abesbatza zikloa Letoniako Sola Youth Choirek abiatuko du datorren asteartean, urriaren 21ean, 20:30ean. Zikloko bigarren emanaldia urriaren 26an izango da, igandearekin, 19:00etan hasita, eta Polonian egoitza duen Ukrainako Skovoroda Choir taldeak izango du entzuleak alaitzeko ardura.
Urriaren 28an, aldiz, 20:00etan hasiko da emanaldia, eta beste behin, Letoniako ahotsak entzuteko aukera izango da, Balsis Youth Choiren eskutik. Guztira 25 sari jaso ditu abesbatzak horrek; azkena Tokion eskuratutako Europako Grand Prix saria izan da. Urriaren 30eko emanaldia ere 20:00etan hasiko da, eta kasu horretan japoniarren txanda izango da. Yumecan Choir izeneko abesbatzak eskainiko du emanaldia; adin guztietako 60 abeslari inguru biltzen ditu taldeak.
Zarauzko zikloan parte hartuko duten bost abesbatzak "izugarriak" direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta herritar guztiei egin diete astebetez munduko ahotsez gozatzeko gonbidapena.
Aldi berean, Kultura zinegotzi Irune Urbietak eskerrak eman dizkie Zarautz Abesbatzako kideei, beste behin "beren egunerokotasunaz haratago" joateagatik. Haren hitzetan, Zarautz Abesbatzak "erronka bati" heltzen dio urtero Nazioarteko Ahotsak zikloa antolatzerakoan, eta herriarentzat garrantzitsua dela uste du udako denboralditik at bestelako ekintzak antolatzea. Halaber, kantu zikloa "bertako ekonomiarentzat ere ona" dela esan du, herriko ostatuak eta jatetxeak betetzen dituelako. Gainera, udalak aurten ere abesbatzaren eskura utzi ditu Santa Klarako eta musika eskolako aretoak, gonbidatuek bertan entsea dezaten.
Sarrerak kontzertua hasi baino ordubete lehenago izango dira eskuragai eliz atarian, 5 euroan; Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, berriz, 3 euroan.