Adarretatik jaialdiak "oso harrera ona" izan duela nabarmendu du antolakuntzak

Aritz Mutiozabal 2025eko urriaren 7a

Nuria Culla abeslaria, Musika Plazako kioskoan, igande arratsaldean. (Mikel Makala)

Hiru egunetan milaka pertsona inguru bildu dituela jaialdiak azpimarratu du Enbor Akzio Kulturala elkarteak. Aurtengo edizioaren balorazioa "oso positiboa" egin du.

Enbor Akzio Kulturala elkarteak arrakastatsutzat jo du asteburuan ospatu den Adarretatik musika jaialdiaren 8. edizioa, eta nabarmendu du "benetako musikazaleek" Zarauzko hainbat tokitan eskaini diren bederatzi musika emanaldiekin gozatu eta dantzatu dutela. Kontzertuek "oso harrera ona" izan zutela azaldu du, eta, orotara, milaka pertsona inguru bildu duela jaialdiak.

Programatutako musika aniztasunak eta eskainitako askotariko estiloak "publikoaren erantzun paregabea" izan duela zehaztu du. Ostiralean, Telmo Trenor DJak eskaini zuen jaialdiko lehen kontzertua, eta jarraian igo ziren Munioako oholtzara Alguillo & Alkimistak  eta Olana Liss bakarlaria. Larunbateko lehen emanaldia, berriz, Mogumbo Brass Band taldearena izan zen, eta iluntzetik aurrera, Javier Sun bakarlaria, Micky & The Buzz eta Rambalaya taldeek kontzertu bana eskaini zuten. Igandean, azkenik,  Ana Mínguez & Donosti Lindy Hop-eko Lagunak aritu ziren eguerdian eta Nuria Cullaren kontzertuarekin bukatu zen egitasmoa.

Antolakuntzaren balorazioa "oso positiboa" da, eta Enbor kultur elkarteak, behin edizio hau amaituta, datorren urteko jaialdia prestatzeko gogoz dagoela iragarri du. Bide batez, eskerrak eman nahi die bidelagun izan dituzten babesleei eta laguntzaileei. "Eta noski, eskerrik asko etorri eta gozatu duzuen guztioi".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide