Malen Monasteriok Espainiako marka berriak lortu ditu Munduko Txapelketan

Ian Ruiz Lizaso 2025eko urriaren 3a

Malen Monasterio Forde Munduko Txapelketan. (Espainiako Halterofilia Federazioa)

Zarauztarra nagusitasunez aritu zen atzo, Norvegian jokatzen ari diren halterofilia Munduko Txapelketan. Monasteriok 83 kilo altxa zituen kolpe bakarreko modalitatean, eta 102 kilo, berriz, bi denboratan.

Malen Monasterio halterofilo zarauztarra Forden (Norvegia) jokatzen ari diren Munduko Txapelketan parte hartzen ari da, eta emaitza ezin hobea lortu zuen atzo 53 kiloko kategorian. Guztira, 185 kilo altxatu zituen: kolpe bakarreko modalitatean 83 kilo, eta bi denboratan, berriz, 102 kilo.

Emaitza horiei esker, Espainiako marka berria ezartzea lortu zuen maila absolutuan zein jubeniletan bi denborako modalitatean eta marka olinpikoan. Monasterio "oso pozik" agertu da txapelketan egindako lanarekin eta egindako balentriarekin.

C txandan aritu da lehian, eta lehen postuan dago kokatuta hiru modalitateetan; hau da, kolpe bakarreko modalitatean, bi denboratan eta bere txandako sailkapen orokorrean. Orain A eta B multzokoek egiten dutenaren zain geratu beharko du; nolabait ere, txanda horietako emaitzek baldintzatuko dute sailkapen orokorra eta zarauztarrak dominaren bat eskuratzeko aukera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide