Asteburu honetan hasiko da 81. Hondartzako Futbol Txapelketaren denboraldia, 38 talderen –hamahiru emakumezko eta 25 gizonezko– parte hartzearekin. Igande goizean izango da lehen jardunaldia, 09:15etik aurrera, eta Marmarra taldeak izango du joko eremuaren markaketa egiteko ardura, 08:15ean. Partidak bukatu ostean, plaiero potea egingo dute herriko tabernetan.
Aurten, talde berri asko batu dira gizonezkoetan zein emakumezkoetan txapelketara. Emakumeen kasuan, urtetik urtera kopurua areagotzen joan da, gizonekin parekatu ahal izateko helburuarekin. Hala, aurtengoan Ekimen –aurreko urtean Talai Mendi zena–, Arrano Lakari, Itsaso taberna eta Marmarra talde berriek eman dute izena. Gizonetan, berriz, sei talde berri batu dira txapelketara, hala nola Katixa, Ktxo, Euromar taberna, Euskalmader, Las Palmeras eta Iuri Aholkularitzak. Gizonezkoen kasuan, kopaz eta ligaz gain, beste kategoria bat gehitu behar izan dute lehenengo fasean, "bestela talde asko kanpoan geratuko liratekeelako".
"Aurten egutegi oso estua dugu, horrenbeste taldek izena eman dutelako. Guztira, bederatzi talde gehiago apuntatu dira; seinale gauzak ondo egiten ari garela. Beraz, zelai gehiago egongo dira hondartzan eta epaile gehiago ere beharko ditugu", esan dute antolatzaileek. Epaile bila dabiltzala ere adierazi dute, eta norbait interesatuta egongo balitz, haiekin harremanetan jartzea eskertuko lukete.
Bestelako hitzorduak
Futbol txapelketa nagusiaz gain, ez dira faltako urteroko hitzordu ospetsuak, hala nola Emakumeen Eguna, gaztetxoentzako Play-Eruak edota larunbatetako elektrotxarangak.
Izan ere, emakumeen plaieroak indartzeko eta horri herrian ikusgarritasuna emateko asmoz, Emakume Futbolari Eguna sortu zuten antolatzaileek. Dagoeneko bi edizio ospatu dituzte, eta futbol elkarteko kideen hitzetan, deialdiak erantzun ona izan du beti. Zarauzko hondartzan jokatzen da txapelketa, eta emakumeei zuzendutako jardunaldi berezi bat da. Hain zuzen ere, hemezortzi taldek eman zuten izena iazko edizioan; gehienak Zarauzkoak ziren, baina tartean ziren Oriokoak eta Getariakoak ere. Egitasmoak ez du txapelketa dinamikarik, lagunartean eta giro atseginean hondartzako futbolaz gozatzea da helburua.
Hori ez ezik, aurten ere Play-Eruak futbol txapelketa jokatuko dute; seigarren urtez jarraian, zehazki. Zarauzko Plaieroek eta Zarauzko Kirol Elkarteak elkarlanean antolatutako hitzordua da, eta, gainerako urteetan bezala, DBHko ikasleei zuzendutakoa izango da. Bi kirol hitzorduetako informazio guztia, ordea, aurrerago emango dute.