Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Eguna izan zen atzo, urriak 1, eta Zarauzko Udalak prentsaurrekoa eman zuen eguerdi partean Adineko Mahaiko kideekin batera, batetik urrirako prestatu duten egitarauaren berri emateko, eta bestetik, manifestu aldarrikatzailea irakurtzeko. Mahaiko kideek txandaka irakurri zuten hori, eta hainbat ideia helarazi nahi izan zizkieten herritarrei. Batetik, beren "ahotsa entzunarazi" nahi dutela esan zuten, "gizarte honen parte aktibo" izaten jarraitzen dutelako eta "emateko asko" dutelako oraindik.
Horrez gain, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten ozen: "Urte luzez egin dugu lan; zaindu, irakatsi eta komunitatea eraiki dugu. Eta orain, bizitzaren etapa honetan, gure bizitzei buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, gizartean parte hartzeko eskubidea, duintasunez bizitzeko eskubidea". Beraiei eragiten dieten erabakien parte izatea eskatu zieten gizarteari eta erakundeei: "Arretaz entzutea nahi dugu, eta gure bizitzei eragiten dieten erabakietan gure iritzia kontuan hartzea". Kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko aldarria ere egin zuten: "Zerbitzu publikoak indartzea eskatzen dugu, zaintzaileak zaintzea, eta guztion artean Zarautz hurbilagoa, gizatiarragoa, solidarioagoa eraikitzea".
Belaunaldien arteko harremanak sendotzeko gonbidapena eginez amaitu zuten manifestua: "Adinagatik inor baztertuko ez duen eta belaunaldien artean lotura sendotuko duen gizarte bat eraikitzeko gonbidapena da hau".
Formatu berria
Zarautzen urteak zeramatzaten 60+ Adinekoen Astea ospatzen urriaren 1aren bueltan, baina atzoko prentsaurrekoan formatu berria aurkeztu zuten: 60+ Adinekoen Udazkena. Izan ere, egitaraua astebetera mugatu beharrean, urria osora zabaltzeko apustua egin dute Adinekoen Mahaian parte hartzen duten eragileek.
Jesus Arana zinegotziak hitz egin du guztien izenean, eta azpimarratu du egitarauko ekintzak herritar guztientzat zabalik daudela, eta hark ere belaunaldien arteko loturak eta harremanak indartzean egin du azpimarra. Aurkezpenean, Zarauzko Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Adinekoen Mahaian parte hartu eta egitaraua prestatzen eta osatzen lagundu duten elkarte guztiei: Udaberri jubilatuen elkartea, Iñurritza jubilatuen elkartea, Kostan elkartea, Afagi, Nagusilan, Zarautz Herri Zaintzailea, Santa Ana zaharren egoitza, Maria Etxetxiki eguneko zentroa eta Zarauzko Udalean ordezkaturiko alderdi politikoak.
Pentsioen borroka
Eskualdetik harago, Euskal Herrian ere aldarrikapen zehatzak egin dituzte pentsiodunek. Joan den astean, esaterako, 145.000 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean, pentsiorik apalenak gutxieneko soldatarekin parekatzea eskatzeko, baina Legebiltzarrak ez zuen tramiterako onartu EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren herri ekimen legegile hori. Pentsioen osagarria eratzeari buruzko lege proposamena zen, eta hori eztabaidarako onartzearen aurka bozkatu zuten EAJk, PSE-EEk eta Voxek. EH Bilduk eta Sumarrek aldeko botoa eman zuten, eta PP abstenitu egin zen.
Legebiltzarraren erabakiak "gizartean kalte handia" egingo duela adierazi du EHPMk, horren arabera, 170.000 pentsiodunetik 100.000 inguru direlako 1.184 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dutenak. "Eztabaida premiazkoa da", azpimarratu dute.
Egitaraua
Gaur, osteguna
- 18:00-19:30. Bakardadeaz hitzaldia eskainiko du Andrea Pozok. Modelo aretoan, euskaraz.
Urriak 9, osteguna
- 18:00-20:00. Giza filmoteka proiekzio-solasaldia. Modelo aretoan, gaztelaniaz.
Urriak 15, asteazkena
- 18:00-19:30. Zahartzaro hiperaktiboa izeneko bakarrizketa saioa, Kaitin Alenderekin. Modelo aretoan, euskaraz.
Urriak 16, osteguna
- 11:00-12:00. Bingo musikatua Maria Etxetxiki, Santa Ana eta Eguneko Zentroko erabiltzaileekin, Frontoi Txikin.
- 18:00. Hitz egin dezagun heriotzaz, Death Cafe saioa. Euskaraz Iñurritzan, eta gaztelaniaz, Udaberrin. Parte hartzeko aurrez izena eman behar da, Zarautz Herri Zaintzaleari mezua bidalita, zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbide elektronikora.
Urriak 21, asteartea
- 18:00-19:30. Adineko pertsonentzako elikadura jarraibideak izeneko hitzaldia, Javier Vilchesen eskutik. Iñurritza jubilatuen elkartean, gaztelaniaz.
Urriak 23, osteguna
- 11:00-12:30. Bizikletaz adinik ez saioa. Maria Etxetxiki eguneko zentroko erabiltzaileekin paseoa trizikloetan.
Urriak 29, asteazkena
- 19:00-21:00. Dantzaldia Gauargi taldearekin. Udaberri jubilatu elkartearen aurreko plazatxoan.