Hondartza denboraldia jada amaituta, Zarauzko Udalak udaldian martxan izan diren zerbitzuen balorazioa egin du. BPXport enpresak kudeatu du sorospen zerbitzua, eta 70 pertsona izan ditu lanean udan zehar. Guztira, 357 esku-hartze egin dituzte dituzte, eta horietatik 42 osasun zentroetara bideratu zituzten ondoren; iaz 242 esku-hartze egin zituzte, eta 58 izan ziren zentroetara bideratuak.
Aurten, guztira, 92 errekaste egin zituzte uretan, iaz baino gutxiago; 126 erreskate izan baiziren 2024an. Tamalez, heriotza bat izan da aurtengo udan Zarauzko hondartzan. Denboraldiko azken astean ondoezik zegoen bainulari bat erreskatatu behar izan zuten sorosleek, baina ezin izan zuten suspertu.
Bestalde, sorospen zerbitzuak bainu egokitua eskaini du hala eskatu duten hondartzako erabiltzaileei eta, guztira, zazpi pertsonek baliatu dute aukera aurtengo denboraldian.
Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martinek nabarmendu du "lan handiko egunak" izan direla sorospen zerbitzuko langileentzat, esku-hartzeengatik ez ezik, marmokak uretatik ateratzeko egin duten lanagatik. Ororen gainetik, baina, "uda zoragarria izan dela esan dezakegu, azken urteetan izandakoen ildo beretik jarraituz”.
Behin hondartza denboraldia eta sorospen zerbitzua amaituta, Zarauzko Udalak oharatarazi du aurrerantzean kontuz eta arduraz ibiltzeko itsasora sartzekorakoan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaturiko hondartza garbiketa zerbitzuak hilabete amaiera arte jarraituko du.