Martxel Aizpurua: "Erleek ekartzen diguten onurarik handiena, seguru asko, polinizazioa da"

Mikel Elkoroberezibar Beloki ('Berria' egunkaria) 2025eko irailaren 28a

Martxel Aizpurua. (UEU)

"Denetarako balio dute, onak dira... Ematen du Lourdesko ura balitz bezala saltzen ditugula erle produktuak". Nork, nola, zertarako eta zergatik erabil ditzakeen azaldu du Martxel Aizpuruak liburu batean. 'Berria' egunkarian egin diote elkarrizketa.

"Estatistikoki frogatuta dago erlezainen artean prozesu erreumatikoak gutxi direla. Hartzen ditugun ziztadengatik izango da: pozoiak erreumaren kontrako onurak ditu". Oro ez da urre, ordea: «Erreumarik ez, baina nekea bai; erlauntza mugitzean sekulako esfortzuak egin behar ditugu». Martxel Aizpuruak (Alegia, Gipuzkoa, 1949) berrogei urte pasako ibilbidea egin du erlezain lanetan. Erle produktuak informatuta kontsumitu behar direla uste du —"onak dira, baina gauza batzuetarako"—, eta informazio hori guztia jaso du UEUk argitaratu dion liburuan: Erle-produktuak, osasun-iturri.

Erleen beldur izaten dira pertsona asko. Zu ez, noski...

Ez. Erleek ziztadak egiten dituzte beren etxea defendatzeko. Erletegira joaten zarenean eta erlauntza zabaltzen duzunean, bere etxean sartzen zara, eta ez nintzateke inolaz ere joango kalean nabilen bezala.

Noiztik ari zara erleen etxeak zabaltzen?

Xabier Kintana euskaltzainak erle bat oparitu zidan —gure jargoian erle bat zera da: erlauntz bat, erlez betea—, eta etxeko sagastian jarri nuen. Anaia eta biok hasi ginen ikertzen ea hura zabaltzeko zer egin behar zen. Ez genekien ezer. Han inguruan bazen erle maisu bat, zerbait gehiago zekiena. Harekin ikasi genuen, eta harekin hasi ginen erlauntza zabaltzen eta tripak ikusten. 1980 inguruan izan zen, orain dela 45 urte-edo.

Erle produktuen kontsumitzailea, akaso, lehenagotik.

Ez pentsa. Liburuan aipatzen dut: gure garaian eztia beti izan da maitatua, eta etxeetan beti egoten zen ezti pixka bat, katarroa zenerako. Jendeak erosten zuen, eta gorde egiten zuen gaixoaldirako.

Izan ere, erle produktuek osasuna ematen dute. Hori argi dago liburuaren izenburutik beretik.

Bai. Erle produktuak osasunerako erabili izan dira. Orduan, liburuaren muina zera da: zer dute, ba, osasunarekin lotura izateko? Eztia, polena, propolia, pozoia... onak omen dira ez dakit zertarako. Baina zer du, ba, horretan eragina izateko? Nolabait ere, liburuan azaltzen dut zer den, nola sortzen den, haren konposizio kimikoa zein den...

Garrantzi berezia eman diozu konposizio kimikoari.

Bai. Bestela, ematen du erlezainok Lourdesko ura balitz bezala saltzen ditugula produktu horiek: denetarako balio dute, onak dira... Onak dira gauza batzuetarako. Maila askotako gaia dago. Adibidez, jende batek polena hartzen du ona omen delako. Hark ez du azalpen gehiago behar. Baina polena ona da bitamina asko daukalako; hori beste pauso bat da. Orduan, zein bitamina dauzkan ere jarri behar da. Azaldu behar da zertarako den ona; konposizio kimikoak zer osagai dituen azaldu behar da. Fedeak gauza asko sendatzen ditu, baina fedeaz aparte, jakin behar duzu zer den hartzen ari zarena, eta beharbada zer ez duzun hartu behar. Pozoia, adibidez, ezin da hartu txoro-txoro, beste mundura joan zaitezkeelako. Esan nahi dut produktu bakoitzak bere onurak dauzkala, baina arazoak ere sor ditzakeela.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke Berria.eus atari digitalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide