Danbor hotsek lagunduta hasiko dituzte jaiak Itxasmendin

Intza Trula 2025eko irailaren 24a

Haurrak iazko Itxasmendiko San Migel jaietako danborradan. (Aritz Mutiozabal)

San Migel jaiak ospatuko dituzte auzoan ostiraletik igandera. Lehen egunean, danborradaz gain, pintxo potea, parrillada, kontzertuak eta sorpresa gehiago izango dira.

Eskualdeko beste hainbat herri eta auzoetan bezala, San Migel jaiak ospatuko dituzte datozen egunetan Itxasmendin ere. Ostiralean murgilduko dira jaietan, eta, zehazki, igandea bitarte ekintza mordoa izango da auzoan.

Danborrada izango da festei hasiera emateko baliatuko duten hitzordua, 18:30ean, eta sabela betetzeko pintxo potea parrillada izango dira jarraian. Horrez aparte, Geels eta Arima Soul taldeen kontzertuak ere iragarri dituzte. Halaber, sorpresarik ere izango dela aurreratu du antolakuntzak.

Hori hala, ondorengoa da asteburuan Itxasmendiko San Migel jaietarako prestatutako egitaraua:

Irailak 26, ostirala

  • 18:30. Haur eta helduen danborrada, Alfako auzo elkartetik abiatuta.
  • 19:00. Jaien hasiera sorpresarekin.
  • Ondoren, pintxo potea eta parrillada, karpan.
  • 20:00. Kalejira Pasai txarangarekin, auzoan zehar.
  • 22:30. Kontzertuak: Geels eta Arima Soul.
  • Ondoren, DJ Makala.

Irailak 27, larunbata

  • 09:00. Diana.
  • 10:00. Tenis txapelketako finalak.
  • 10:30-12:30. Haurren txokoa: marrazki lehiaketa, kamisetak margotzeko tailerra (kamiseta etxetik ekarri) eta eskulanak, karpan. Gomazko erraldoien erakusketa.
  • 11:30. Hiruko saskiratzeen txapelketa (izen ematea saskibaloi zelaian, 11:00etan).
  • 14:30. Auzo bazkaria. Tiketak aurretik salgai auzoko taberna eta dendetan.
  • 16:00. Mus txapelketa (izen ematea 15:30ean karpan).
  • 17:45. Txokolate jana, auzo elkartean (Alfa).
  • 18:00. 12-18 urteko gazteentzako ekintzak, karpa alboan, Haize Orratz gaztelekuaren eskutik.
  • 18:30. Kalejira Zarauzko erraldoi, buruhandi eta erraldoi txikiekin, Alfatik Itxasmendira, Zarautztrikek girotuta.
  • 19:30-22:00. Haur eta gazteentzat DJ Jon eta parrillada.
  • 23:00. Alarma Morea taldearen emanaldia.
  • Ondoren, DJ Bon.

Irailak 28, igandea

  • 09:00. Diana.
  • 10:00. Toka txapelketa.
  • Ordu berean, pala finalak (egokitua).
  • 10:30. Bihotzez martxa solidarioa.
  • Ordu berean, Arrai Zopa kantu taldea.
  • 11:00. Olinpiadak haur eta helduentzat (izen ematea aldez aurretik).
  • 11:30. Bihotzez lasterketa solidarioa.
  • 12:00. Patata tortilla lehiaketa eta parrillada. Tortillak 12:00etatik 13:00etara aurkeztu beharko dira, karpan.
  • 12:15-13:30. Sari banaketa.
  • 16:30-18:30. Chuchin Ibañez mariatxia.
  • 19:00. Jaien amaiera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide