IV. Bikote Mistoen Triatloi Herrikoiaz gozatuko dute ehundaka lagunek larunbatean, Nik Tri triatloi elkartearen ekimenez. Probaren babesle nagusietako bat den Marmarra enpresaren kanpoaldean eman dituzte gaur ekitaldiaren inguruko xehetasun guztiak. Bertan parte hartu dute Nik Tri elkarteko Ane Arozenak, Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik, Marmarrako ordezkari Ainhoa Gesalagak eta Berazadiberriko ordezkari Aitor Lizasok.
Arozenak eman ditu izen emateen bueltako datuak, eta azaldu duenez, guztira 570 lagunek parte hartuko dute triatloi honetan. Hala, inoizko parte hartze handiena izango duen edizioa bilakatuko da aurtengoa; izan ere, dortsal kopurua handitu du antolakuntzak, eta horri esker 35 bikote gehiagok eman ahal izan dute izena. Dortsal guztiak agortuta daude pasa den hiletik, eta, beraz, 285 emakumek eta 285 gizonek gozatuko dute probaz.
Arozenak argi utzi nahi izan du probaren helburua "lehiatik harago" doala: "Ekimenaren xedea hasiera-hasieratik izan da triatloia gizarteratzea, emakumeen parte hartzea sustatzea eta kirol inklusiboa bultzatzea". Horregatik, aurreko urteetan bezala, ez da irabazlerik egongo. Podiumik egongo ez bada ere, parte hartzaileen artean sariak banatuko ditu antolakuntzak. Zozketa bitartez egingo du, eta produktuen artean bazkariak eta afariak, bizikleten osagarriak eta igeriketa betaurrekoak egongo dira, esaterako.
Proba inklusiboa
Berrikuntzarik ere izango du IV. Bikote Mistoen Triatloiak. Izan ere, "guztiontzako moduko proba" prestatzea zen antolakuntzaren aurtengo helburuetako bat, eta horregatik talde egokitua egongo da. Estreinakoz, aniztasun funtzionala duten pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta Illarramendik zehaztu duenez, bost bikotek eman dute izena.
Hori horrela, 16:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Zarauzko moilatik. Hondartzaraino joan beharko dute igerian, eta bizikleta hartuko dute han. Jarraian, Munoa-Iturritxiki-Munoa ibilbidea egingo dute bizikletan, eta behin hori amaituta, azken zatiari helduko diote, korrikari, alegia. Itsas pasealekutik Argiñano jatetxerainoko lasterketa izango da, eta helmuga Duke Enea parean izango dute. Irteerak 15 bikoteko taldeetan egingo dituzte, eta kirol egokituko taldea izango da uretaratzen lehena.
Probaren egunean 60 pertsona baino gehiago ariko dira boluntario lanetan, eta Arozenak eskerrak eman dizkie guztiei, "haien inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako hau aurrera eramatea". Zarauzko Udalari, babesleei, laguntzaileei eta herriko saltokiei eskerrak emateko ere baliatu du tartea, eta esan du haien ekarpena "funtsezkoa" izan dela triatloia gauzatzeko.