Ondamendi baserriko Jesus Larrañaga txapeldun, Euskal Oiloaren 51. Erakus-lehiaketan

Ane Olaizola 2025eko irailaren 11

Ordiziako azoka bereziko irudi bat, atzo. (Goierriko Hitza)

Euskal jaietako azoka berezia egin zuten atzo Ordizian, eta Larrañagak Gorria saileko lehen saria eskuratu zuen. Gainera, Iñaki Alkorta azpeitiarra, Mikel Albizuri getariarra eta Simon Aizpuru errezildarra ere sarituak izan ziren.

Ordiziako (Gipuzkoa) euskal jaietako azoka berezian gazta lehiaketak pizten du arreta berezia, baina izaten da bestelako lehiaketarik ere han, eta atzo, eskualdeko abeltzainak zein nekazariak eskukada bete sarirekin itzuli ziren handik. Euskal Oiloaren 51. Erakus-lehiaketan, esaterako, Zarauzko Ondamendi baserriko Jesus Larrañagak Gorria saileko lehen saria lortu zuen.

Era berean, Getariako Abeletxe baserriko Mikel Albizurik bi sari nagusi irabazi zituen Euskal Oiloaren 51. Erakus-lehiaketan: Lotea kategoriakoa bata, eta Zilarrekoa, bestea.

Halaber, Gipuzkoako Pirenaika Txapelketan Azpeitiko Garagartza Gain baserriko Iñaki Alkortak zazpi sari eskuratu zituen.Honako sari hauek jaso zituen ganaduzale azpeitiarrak: bigarren saria 12 eta 18 hilabete bitarteko bigen sailean; aurreneko saria 18 eta 24 hilabete bitarteko bigen atalean; bigarren saria hiru eta bost urte bitartekoen kategorian; aurrenekoa umatutako 5 eta 7 urte bitartekoenean; lehen eta bigarren sariak umatutako eta 9 urte bitartekoen sailean; hirugarren saria 9 urte gorakoen sailean; eta Aberekin Saria, hau da, hazitik sortutako urrixa onenarena. 

Bestalde, fruitu lehiaketan Errezilgo Mugarrieta baserriko Simon Aizpuruk hirugarren saria eskuratu zuen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide