Euskal Astea 2025

Izaskun Mendizabal: "Euskal jantziak gure herriaren historiaren zati dira"

Mireia Galarza Bastida, Urtzi Oteiza eta Gorka Eizagirre 2025eko irailaren 9a

Zaila da kargu zehatz batekin laburtzea Izaskun Mendizabalek egin duen guztia. Mendizabal kinkila dendan igaro ditu ia 50 urte, baina dendari izateaz gain, bestelako ekarpena ere egin dio euskal jantzigintzaren munduari. Zarautz Guka aldizkariko hilabete honetako edukia da elkarrizketa

1962. urtean, orduantxe ireki zuen Izaskun Mendizabalek izen bereko kinkilla denda Esther ahizparekin batera Kale Nagusian, hainbat urtez ehun lantegi batean ibili ostean. 17 urte besterik ez zituen orduan elkarrizketatuak, eta leku berean igaro zituen 48 urte, mostradorearen atzekaldean herritarrei zerbitzu onena eskaintzeko asmotan, erretiroa hartu zuen arte. Jaiotzez Iñurritzakoa bada ere, 12 urte zituela mugitu zen Mendizabalen familia herrigunera. Orduan hasi zuten ia mende erdia luzatu zen abentura.

Mendizabalen esanetan, hasieran euskal jantzien osagarriak saltzen zituzten gehien: txapelak, gerrikoak, abarkak, alpargatak, buruko zapiak, otarretxoak, umeentzako pipak... Garai horretan, dendari ohiak azaldu duenez, ez zegoen jositako arroparik, "etxean egindakoak izaten ziren". Izan ere, haren esanetan, etxe guztietan zegoen josten zekien norbait, eta horrela moldatzen ziren. "Gerora, alokatzen ere hasi ginen, jendea behar ez zituen jantziak ekartzen hasi zelako", erantsi du. 

Ohiko euskal jantzien koloreari buruz ere eman ditu azalpenak Mendizabalek. Haren arabera, "uste okerra" da garai bateko jantzi guztiak puntu zuridun traje beltzak zirela esatea: "Guk zuri-urdinak ere ezagutu genituen, eta gainera lore txikiekin, baina gero beltza nagusitu zen", dio. Halaber, garai bateko zapiak handiagoak ere bazirela adierazi du Mendizabalek, baina gaur egun, txikiagoak direla horiek, eta korapiloarekin nahiz orratz batekin lotzen direla: "Aintzina, amantalaren azpitik jartzen genituen". Zapiekin jarraituz, burukoari buruz ere mintzatu da: "Garai batean, buruko zapia denok janzten genuen, baina gaur egun ez da hori gertatzen". Osagarriak osagarri, lehen "ondo" jazteari "garrantzia gehiago" ematen zitzaiola gehitu du dendari ohiak.

Euskal Jaiak, bereziki gustuko

Urte askoan lan pila egitea egokitu baldin bazaio ere, Mendizabalek oso gustuko ditu Euskal Jaiak; are gehiago, herriko festa bat aukeratzekotan, horiek aukeratuko lituzke: "Garai batean dantza asko egiten genuen, eta gaur egun ez da horrela. Dena dela, berdin-berdin gustatzen zaizkit eta beste modu batera bizi ditut". Hori horrela izanda, "oso gogotsu" agertu da irailaren 9rako. "Gure identitatea zein den erakusteko festak dira Euskal Jaiak, gure kulturaren zati bat", dio, ziurtasun osoz, Mendizabalek. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide