Euskara

Txema Gomez Pulido: "Hemengoa naiz eta euskara hobeto ezagutu nahi dut"

Amaia Zaldua 2025eko irailaren 8a

Txema Gomez Pulido. (Amaia Zaldua)

Zarautz Guka aldizkarian, AEKrekin elkarlanean, Mintzalagun programan dabiltzan herritarrei elkarrizketa egiten zaie hilero. Uztaileko aldizkarian Txema Gomez Pulido izan da protagonista.

Esan liteke Txema Gomez Pulido Bidania-Goiatzen jaio zela; gerora, Azpeitian bizi izan zen; eta egun, Zarautzen bizi da. Aita madrildarra eta ama Extremadurakoa (Espainia) zituen, eta etxean ez, baina euskara txikitatik entzun zuen herrian. Pixka bat ikasi ere egin zuen, baina ez eroso aritzeko beste.

Inoiz aritu al zara euskaltegian?

Bai. Soldadutza garaian, Azpeitian lan egiten nuen enpresa itxita zegoen, eta ireki bitartean, euskaltegira joan nintzen. Tamalez, bi-hiru hilabete izan ziren. Hala ere, lanean euskara pixka bat egiten nuen, eta dezente ulertzen nuen. Lagunekin, ordea, gaztelaniaz eta euskaraz aritzen ginen, baina batzuek ondo ez zekitenez, gaztelaniaz egiten genuen gehienbat (orain ere hala da).

Egin al zenuen euskara ikasteko beste saiakerarik?

Bai. Erretiratu nintzenean, Zarauzko Udal Euskaltegira joan nintzen eta hiru ikasturte egin nituen han. Kontua da goizetan hiru orduz aritzen ginela eta jendeak tituluak nahi zituela; hortaz, niretzat oso gogorra izan zen, nik euskara ikasi nahi nuelako. Ondoren, 2020an, Mintzalagun egitasmoaren berri jakin nuen, eta euskaltegira joateari utzi eta mintzalagun bilakatu nintzen.

Zer egiten duzue elkartzen zaretenean?

Buelta bat ematera joaten gara: Astira, Santa Barbarara, hondartzara... Gure bidelagunak asko daki naturaz, eta azalpen interesgarriak ematen dizkigu.

Kirolaria ere bazara. Euskara nola bizi izan duzu kirolean?

Ondo. Lehengo mintzalagun taldean gehienok korrikalariak ginen eta, gero, Zarauzko korrikalari helduekin elkartzen ginenean, gehienek euskaraz badakitenez, han ere praktikatzen jarraitzen genuen.

Abesbatzan ere bazabiltza. Nola dago euskara hor?

Hor ere asko hitz egiten da. Zuzendariak, Jaione Escuderok, denoi egiten digu dena euskaraz. Beraz, ikasteko aukera ere ematen digu, eta asko lagundu dit. Saiatzen naiz euskaraz erantzuten.

Gogoratzen al duzu ikasprozesuan izan duzun une txarrik?

Orain ez, baina txikitan, Bidania-Goiatzera bizitzera joan ginenean, kanpotarrak ginen, erdaldunak. Orduan, tirabira batzuk izan nituen hango haurrekin. Alabaina, oso momentu onak ere izan ziren, elkarri laguntzen baikenion, trukeak egin... Belarrimotz eta koreano ere esan izan zidaten noiz edo noiz, eta horrek bai mintzen ninduela. Dagoeneko, ez dit eragiten, baina momentuan bai.

Horrek nolabait baldintzatu al zaitu?

Ez. Nik sentitzen dut hemengoa naizela eta hemengo hizkuntza hobeto jakin, ezagutu eta hitz egin nahi dut. Bizitza osoa eman dut horretan eta horrela jarraitzen dut.

Duela gutxi Mintzodromoa izan zen Zarautzen, eta han ere parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Oso ona. Elkarrizketa bat erakutsi ziguten eta horren harira hitz egin genuen taldeka. Ondo sentitu nintzen, dena ulertzen nuelako, eta irakasle bat ere bazegoenez, hark lagundu zigun beharra zegoenean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide