SKAPAKo jaiak 2025

Asintxo eta Ruka nagusi SKAPAko mus txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2025eko abuztuaren 10a

Asintxo eta Ruka aurtengo irabazleak. (SKAPAko jai batzordea)

Azken Portuko lauzpabost tabernatan banatuta, 68 bikotek parte hartu zuten atzo lehian. 16:30 aldera hasi, eta ondo ilunduta amaitu zen txapelketa, 23:00 aldera. Bigarren saria Joxemari eta Danielentzat izan zen, eta gutxienez emakume batez osatutako talde onenaren saria, berriz, Luisak eta Blancak jaso zuten.

Eguzki galdatan hasi eta ilargipean amaitu. Halaxe jokatu zuten atzo SKAPAko mus txapelketa. 68 bikotek eman zuten izena, eta 16:30etik 23:00 aldera arte iraun zuen lehiak. Azken Portun aritu ziren jokoan, lauzpabost tabernatako terrazetan, itzaletan, lasai ederrean eserita.

Asintxo eta Ruka izan ziren txapelketako garaileak, eta bigarren tokian Joxemari eta Daniel geratu ziren. Hirugarren, berriz, Aitzol eta Mikel Maiz. Auzoko onenaren saria Juli eta Jon Aizpuruak lortu zuten, eta gutxienez emakume batez osatutako talde onenaren saria, azkenik, Luisa eta Blancarentzat izan zen.

Saririk ez zen falta izan: garaileentzat txapela eta Izeta sagardotegian birentzat afaria; txapeldunordeentzat garaikurra eta Zubiondon birentzat afaria; hirugarrenentzat Naparraken birentzat otordua; gutxienez emakume batez osatutako talde onenarentzat garaikurra eta Iruñan afaria; eta auzoko bikote onenarentzat, garaikurra eta Itxas-Berrin birentzat otordua.

Mus txapelketako argazki bilduma hemen dago ikusgai.

Joxemari eta Daniel, txapeldunordeak. (SKAPAko jai batzordea)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide