SKAPAKo jaiak 2025

Lehiatuz hasi da arratsaldea gaur SKAPAko jaietan

Onintza Lete Arrieta 2025eko abuztuaren 9a

Plaza Gorrian 25 talde elkartu dira 500 piezako puzzlea nork lehenago osatzeko txapelketan, eta auzoko tabernetan, berriz, 68 bikote ari dira mus txapelketan jokoan.

Atzo iluntzean hasi zituzten SKAPA jaiak Azken Portuko, Santa Klarako eta Aritzbataldeko bizilagunek, eta gaur goizean altxorraren bila aritu ondoren, arratsaldeari bi lehiaketarekin ekin diote: puzzle txapelketarekin eta mus txapelketarekin. Arrakasta ederra izan dute bi hitzorduek: puzzle lehian 25 talde osatu dituzte, 500 piezako puzzlea nork lehenago osatzeko txapelketan, eta antolatzaileek azaldu dutenez, itxaron zerrenda ere sortu da. Denek irudi bera osatu behar dute, eta kalkuluen arabera, pare bat ordu beharko dituzte. 16:00 aldean hasi dute lehia.

Mus txapelketan, berriz, 68 bikotek eman dute izena, eta Azken Portuko lauzpabost tabernatan sakabanatuta dabiltza jokoan.

Bero zapari aurre egiteko, itzaletan eserita dabiltza lehian denak ere.

Eguna luzea da oraindik, eta iluntze-gauerako honako ekintzak dituzte antolatuta:

  • 18:00-21:00. Bonsai erakusketa Plaza Gorrian, Artezaleaken eskutik.
  • 19:00. Mozorro lehiaketako izen-ematea (Gaia: Euskal tropik).
  • 19:30-22:00. Bertsopoteo girotua, auzoan zehar (Zarautz Trik, Oier Aizpurua eta Uxue Alkorta bertsolariekin).
  • 23:00. Perlata taldearen kontzertua.
  • 00:30. Delirium Tremens taldearen kontzertua
  • 02:00. DJ Bon-en eta DJ Javi Hidalgoren emanaldia.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide