Malekoia 365 Egun egitasmoa egingo dute herriko hainbat eragilek bihar arratsaldean

Onintza Lete Arrieta 2025eko abuztuaren 8a

Iazko ekitaldiko une bat. (Gorka Eizagirre)

Mural margoketa batek emango dio hasiera ekitaldi sortari, Galtxagorri aurrean. Ondoren, herriko taldeen emanaldiak izango dira malekoiko lau gunetan, eta amaitzeko, ekitaldi bateratua egingo dute, Galtxagorri aurrean. Bisitariei "bertako ohiturak erakustea" da egitasmoaren helburua.

Udan herrira datozen bisitariei "bertako ohiturak erakustea", non eta turista gehien biltzen dituen zonaldean; horixe da Malekoia 365 Egun egitasmoaren helburua. Iazko udan ekitaldi jendetsua egin zuten herriko hainbat eragilek, eta aurten, errepikatu egingo dute esperientzia. Bihar arratsaldean da hitzordua, oraingoan ere malekoian.

Arrai Zopa kantu taldea, Arranoko gitarra taldea, Montetxio abesbatza, herriko hainbat dantzari eta Zirika euskara elkartea dira egitasmoaren atzean dauden eragileak, eta egitarau polita antolatu dute biharko: batetik, musika eta dantza saioak eskainiko dituzte malekoiko hainbat gunetan; bestetik, mural bat margotuko dute; eta, azkenik, ekitaldia egingo dute denek elkarrekin.

Honakoa da egitaraua:

  • 17:00. Mural margoketa eta DJa (Galtxagorri aurrean).
  • 19:00. Herriko taldeen emanaldiak (Kantina, Dama, Muskaria eta Munoa).
  • 20:00. Ekitaldi bateratua (Galtxagorri aurrean).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide