Herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatuta Malekoian 365 egun deitu duten ekitaldi jendetsua egin dute gaur eguerdian. Eguraldia lagun, hamarnaka lagun bildu dira gaurkoa bezalako udako egunetan bisitari gehien erakartzen dituen herriko pasealekuan; izan ere, antolatzaileen helburua zen kanpotarrei euskal kultura eta hizkuntza gerturatzea.
Hori horrela, malekoi osoan entzun dira euskara eta euskal doinuak, eta soinuak erakarrita bertako nahiz kanpoko lagun ugari hurbildu dira ikuskizunaz gozatzeko. Euskal abestiekin batera, dantzek ere presentzia handia izan dute, zeren eta Arrai Zopa kantu taldeko, Arranoko gitarra taldeko, Montetxio abesbatzako, ZarautzTrikeko eta txistulari taldeko kideek ez ezik herriko dantzariek ere parte hartu dute egitasmoan. Zirika euskara elkarteko kideek, bien bitartean, esku-orriak banatu dituzte ikus-entzuleen artean.
Sakabanatuta aritu dira, hasiera batean, baina 13:00ak aldera, eta Gurutze Gorriaren aurrean elkartu dira eta ekitaldi bateratua egin dute. Herritar ugari izan dira gorputzak mugitzera animatu direnak. Ondoren, GZR taldeak kontzertua eskaini du eguna borobiltzeko.