Arranopola egitasmoaren baitan antolatuta, Ganibet taldeak girotuko du bihar Zarauzko Musika Plaza. Arranoko gitarrajoleen, On taldearen, Slow Times Blues Band taldearen eta Ander Zubillagaren ondoren, aurtengo Arranopolako bosgarren kontzertua izango da Ganibet taldearena. Ohi bezala, 20:00etan hasiko da emanaldia Arrano tabernaren kanpoko agertokian.
Ekain Alegrek eta Amaiur Goikoetxeak osatzen dute Ganibet taldea. 2023an euskal talde desberdinen bertsioak egiten hasi, eta apurka-apurka beraien kantak sortzen hasi ziren. Musika elektronikoa eskaintzen du Ganibetek, autotunea eta elektronika oinarri hartuta.
Uztaila hasieran eman zitzaion hasiera Arranopola kultur egitasmoari, eta biharkoaz gain, beste lau kontzertu geratzen dira oraindik. Abuztuaren 28an emango zaio amaiera egitasmoari.