Uztailaren 26an eta 27an izango da Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 53. edizioa, eta aurtengoan 3.700 igerilarik eman dute izena. Larunbatean, Zarautz-Mollarri-Zarautz jokatuko dute, eta 300 igerilari baino gehiago lehiatuko dira proba luzean. Igandean, berriz, Getaria-Zarautz zeharkaldi klasikoaren txanda izango da, eta aurretik, ohi bezala, haurren proba egingo dute. Beraz, asteburu honetan igeriketaz gozatzeko aukera paregabea izango dute herritarrek zein kanpotik etorritako igerilariek.
"Guretzat oso seinale ona da izen-ematea beteta egotea eta azken hilabetean itxarote zerrenda aktibatuta izatea. Izan ere, harreman izugarria dugu jendearekin eta, beste urte batez, 3.000 parte hartzaile baino gehiago izango ditugu", azaldu du Pablo Cazalis Getaria-Zarautz probaren antolatzaileak eta Balea igeriketa taldeko kideak.
Aurten, igerilarien eta herritik kanpo bertaratuko direnen esperientzia hobetzeko asmotan, garraio zerbitzu bereziak eskainiko dituzte, Getariara bertaratzeko autobus gehiago jarriz –sei edo zazpi– eta, hartara, "estutasun sentsazioa uxatzeko". Bestalde, Bilbotik, Gasteiztik eta Iruñetik 07:30ean abiatuko dira autobusak, eta Donostiatik, berriz, 08:30ean. Hauek geldialdirik gabeko bidaiak izango dira, eta eserlekua eskuratzeko izen-ematea bihar iluntzean amaituko da.
Asteburuko probak
Larunbatean Zarautz-Mollarri-Zarautz probak hartuko ditu herriko urak. Azken edizioetan goizen jokatu baldin badute ere, aurten arratsaldez izango da marea kontuengatik. Hala, 16:30ean hasiko da Zarauzko moilatik, eta toki berean izango du helmuga, Mollarrin itzulia eman eta 5.000 metroko ibilbidea egin ondoren. Antolatzaileek aurreikusi dutenez, parte hartzaileen %25 emakumeak izango da –70 igerilari, gutxi gorabehera–. Egun berean, kirol egokituko 400 eta 800 metroko proba bana jokatuko dituzte, “edizio honen izaera integratzailea azpimarratzeko”.
Igandean, berriz, proba nagusia izango dute jokoan, Getariako portutik Zarauzko hondartzara bitartekoa, hain zuzen ere. Ohi bezala, norbere denboraren araberako multzoetan banatuta egingo dituzte irteerak, txandaka: 11:00etan hasiko da lehen taldea, eta ondoren, mailaka, gainerako taldeak uretaratuko dira. Lehenago, 11 eta 14 urte bitarteko igerilari gazteek 400 eta 800 metroko probetan parte hartzeko aukera izango dute. 10:00etan, 400 metro egingo dituzte igerian, portutik irtenda; eta 10:15ean, 800 metroko ibilbidea egingo dute, hondartzatik abiatuta.
Cristobal Rochas zeharkaldiko arduradunaren esanetan, antolatzaileak "oso pozik" daude aurtengo ekitaldiarekin: "Aurten berrikuntza oso garrantzitsua dugu: dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako kategoria egokitua". Izan ere, Zarauzko Udalaren ekimenez, aurten egokitutako kategoria izango du itsas zeharkaldiak. Hain zuzen ere, Espainiako eta Euskadiko Ur Irekietako Txapelketak jokatuko dituzte, gainerako probekin "guztiz integratuta".
Aldi berean, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak eskerrak eman dizkie Balea igeriketa taldeari eta Kirol Egokituko Euskal Herriko Federazioari, aurtengo edizioan "espazio berezi bat" sortzeagatik kirol egokituko igerilarientzat. "Ekitaldi hau Zarautzek kirol inklusiboarekiko, aniztasunarekiko eta ingurunearekiko duen konpromisoaren isla argia da".
Parte hartzea denen eskura
Iazko edizioetan bezala, aurten ere "goi mailako igerilarien" partaidetza izango da itsas zeharkaldian; besteak beste, iazko txapeldun Carlos Ortiz eta Candela Sanchezena. Bestalde, Rochasek eta Cazalisek etxekoen "maila handia" azpimarratu nahi izan dute, eta lehenengo sailkatuen artean "euskal igerilari asko" izango direla aurreratu. Aurkeztutako kategoria berriarekin batera, igerilari egokituen parte hartzea ere baieztatu dute, tartean Paraolinpiar Jokoetan makina bat domina lortutako Richard Oribe igerilari donostiarrarena.
Berrikuntzekin jarraituz, Balea igeriketa taldeak Prestatu GZ programa jarri du martxan. Bertan, sare sozialen bitartez, hamabost egunean behin itsaso zabalerako edo igerilekurako entrenamendu testak argitaratu ditu. "Ekimen hau funtsezkoa izan da norberak bere maila ezagutzeko, bilakaera neurtzeko eta esperientziak partekatzeko sareetan".
Gainera, beste urte batez, klubak "irisgarritasuna eta ahalduntzearen aldeko apustua" egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Emakumeok Mugimenduan programarekin elkarlanean. Adriana Campoy eta Ainhoa Murua izan dira programaren gidariak, eta antolatzaileek zehaztu dutenez, "parte hartze eta harrera bikaina" izan dute saioek. "Gure helburuetako bat izan da aurten parte hartzaileen %40 emakumeak izatea, eta urtero saiatuko gara kopuru hori handitzen, %50era iritsi arte", gehitu du Cazalisek.