Egokitutako kategoria izango du aurtengo Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiak

Julene Sorarrain 2025eko uztailaren 20a

Ezkerretik hasita, Pablo Cazalis itsas zeharkaldiaren antolatzailea, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta Gemma Soler Kirol Egokituko Euskal Herriko Federazioko teknikaria, ostiraleko aurkezpenean. (Julene Sorarrain).

Lehenengo aldiz jokatuko dituzte Euskadiko eta Espainiako Itsas Zabaleko Kirol Egokituko Txapelketak aurtengo itsas zeharkaldian, eta 100 parte hartzaile inguru espero dituzte kategoria berrian.

Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendatu zuten Zarautz urte hasieran, eta geroztik, udala lanketa bat egiten ari da herriko kirol egokituaren esparruan aurrerapausoak emateko.

Hala, aurten kategoria egokitua izango du 53. Getaria-Zarautz Itsas Zeharkaldiak. Ostiral goizean eman zituzten berrikuntzaren nondik norakoak Pablo Cazalis itsas zeharkaldiaren antolatzaileak, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak eta Gemma Soler Kirol Egokituko Euskal Herriko Federazioko teknikariak.

Ekitaldiko antolatzaileak, kirol egokituaren beti konprometitua egon diren arren, "kategoria ofiziala" sortu nahi izan dute. Eta aurreko urteetako parte hartzearekin alderatuz, "arrakasta handia" izan duela azaldu du Cazalisek, izan ere, 100 igerilari inguruk eman dute izena proba berrian. 

Aurten, gainera, lehenengo aldiz jokatuko dituzte Euskadiko eta Espainiako Itsas Zabaleko Kirol Egokituko Txapelketak. Hain zuzen ere, uztailaren 26an eta 27an izango da hitzordua. Lehen egunean, larunbatean, Zarautz-Molarri-Zarautz zeharkaldia egingo dute, eta Getaria-Zarautz, ohi bezala, igandean. 

Larunbatean, desgaitasun maila altua dutenentzako 400 eta 800 metroko proba bana egingo dituzte. Bestalde, desgaitasun maila baxuagoa dutenek 5.000 metroko distantzia egiteko aukera ere izango dute. Igandekoan, aldiz, igerilari guztiak batera ariko dira eta 2.850 metroko ibilbidea egin beharko dute, Getariako portutik Zarauzko hondartzara bitartekoa. 

Illarramendik, itsas zeharkaldiko antolatzaileen eta Gemma Solerren lana eskertu nahi izan ditu, aurrerapausoak eman ahal izateko egindako lanagatik: “Herriko kirol ekitaldi ezberdinak ahalik eta gehien egokitu nahi ditugu. Itsas zeharkaldia Zarauzko kirol hitzordurik handienetakoa da, eta beraiekin elkarlanean, kategoria berri hau sortu ahal izan dugu".

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide