Laugarren Dardar jaialdia egingo dute Hiruputzun

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 10a

Itzaletan Sua DJaren saio bat. (Itzaletan Sua)

Dardar rap eta drum&bass genero musikalak oinarri dituen euskaraz egindako proiektu musikala da. Bederatzi DJ saio izango dira bihar 19:00etatik aurrera Hiruputzun, jaialdiaren laugarren aldian.

Dardara jaialdia egingo dute bihar, laugarren aldiz. Rap eta drum&bass genero musikalak uztartzen dituen proiektu musikala da Dardar. Lehen bi edizioak Donostian egin zituzten eta, hirugarrena, Zarautzen. Laugarrena ere, Zarautzen egingo dute, Hiruputzu gaztetxean, hain zuzen ere.

19:00etan hasiko da jaialdia, eta bederatzi DJ izango dira bertan: Distorted Bass, Porruu, Suupe, Liquid T, Ghetto Fyah, Landeramez, Nova Prospekt, Skiat eta Itzaletan Sua. Sarrerak 5 euroko balioa izango dute, eta gaztetxeko atean erosi ahal izango dira.

Larunbatean azpeitian

Dardara jaialdiaren laugarren edizioa ez da bihar amaituko, ordea. Larunbatean Azpeitiako Orkatz kultur elkartean izango da rap eta drum&bass doinuak entzuteko aukera. 22:00etan hasiko da jaialdia, eta lau DJ-ren txanda izango da: Nova Prospekt, Itzaletan Sua, Distorted Bass eta DJ Kamel. Sarrerak dohainik izango dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide