Ongizatearen Plaza egitasmoa egingo dute Zarautzen

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 8a

Zarautz Talaimenditik. (Lorentxo Portularrume)

Gipuzkoako Foru Aldundiak egitarau "zabala eta erakargarria" antolatu du biharko eta etzirako, Ongizatearen Plaza egitasmoaren barruan, ongizate integrala lantzeko.

Ongizatearen plaza bihurtuko da Zarauzko malekoia bihar eta etzi. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko Ongizatearen Plaza: Zarautz egitasmoaren lehenengo edizioa egingo dute. 

Egitasmoaren helburu nagusia ongizatea sustatzeko eta horretaz gogoeta egiteko gune bat sortzea da. Bi egunez, askotariko gaiak landuko dituzte malekoian; herritarrei eragiten dieten arazo sozial berriak handitzen ari direla adierazi dute antolatzaileek, eta horiek mahai gainean jarriko dituzte. 

Horretarako, egun osoko egitaraua antolatu dute biharko eta etzirako. Herritar guztiei zuzenduriko egitasmoa da, eta denek izango dute aukera bertan parte hartzeko.

Hainbat arrazoigatik erabaki dute Ongizatearen Plaza egitasmoaren lehen edizioa Zarautzen egitea: batetik, uda izanik, kostaldeko herri batean egin nahi izan dute antolatzaileek, eta, bestetik, Zarautz oso herri egokia dela nabarmendu dute, "mugimendu handia dagoelako eta komunitatearekin konpromiso handia duten herritar eta elkarteak daudelako bertan".

Askotariko gaiak jorratuko dituzte bi egunez, eta hainbat gonbidatu izango dira Ongizatearen Plazan. Esate baterako, kirolaren gaia jorratzeko Iñigo Vicens entrenatzailea bertaratuko da malekoira, eta Adinberri saioa zuzenean egingo du handik. Gainera, Aritz Aranburu eta Aitor Frantzesena surflariak ere izango dira egitasmoan. Biak ezagunak dira surfaren munduan, egindako lorpenengatik ez ezik, baita balioen eta inklusioaren aldeko konpromisoagatik ere.

Inklusioaren gaia jorratzeko, era berean, Why Not elkarteak podcast bat grabatuko du. Elkarte horretan, buruko osasun arazoak eta desgaitasun psikikoa dituzten pertsonek irrati parte hartzaile eta inklusiboa osatzen dute. ZKEko gazte pilotariek ere euren esperientziak partekatuko dituzte, eta, amaitzeko, pilota partida bat jokatuko dute.

Nahia Zeziagak eta Jakoba Errekondok elikadura osasuntsuaz hitz egingo dute. Buru osasuna, berriz, Naia Rosek landuko du, hainbat ariketaren bitartez. Gaztenek programaren barruan lehen sektoreko proiektuak martxan jarri dituzten gazteek beren bizipenak azalduko dituzte jendaurrean. Altxa Burua egitasmoa ere aurkeztuko dute Miren Rosek eta Amaia Elorzak; sakelako telefonoen eta teknologia digitalen erabilerak gazteen ongizatean duen eragina jorratuko dute horiek.

Egitaraua

Bihar, asteazkena

  • 10:00-11:30. Adinberriren eskutik, goizero ETBn egiten den programa berezia.
  • 12:00-13:30. Why Not elkartearen eskutik, irratsaioaren grabazioa.
  • 17:30-19:00. Solasaldia eta Zarautz Klub Elkarteko gazteekin pilota partida Frontoi Txikin.
  • 19:00-20:30. Kirolariekin solasaldia: Aritz Aranburu eta Aitor Frantzesena Gallo.

Etzi, osteguna

  • 10:00-11:30. Gaztenek egitasmoko nekazari gazteekin topaketa.
  • 12:00-13:30. Jakoba Errekondorekin solasaldi irekia.
  • 18:00-19:30. Altxa Buruarekin saio dinamikoa: sakelako telefonoak eta sentsibilizazioa.
  • 20:00-21:00. Musika saioa: euskal kantak Miren Fernandezen, Aitor Furundarenaren eta Antxon Sarasuaren eskutik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide