Bihar eta ostegunean Ongizatearen Plaza egitasmoa egingo dute Zarautzen. Baina zer da hori?
Hiri, herri eta auzoetan, plazak topagune dira; komunitate bizitza ospatzeko, elkarrekin egon eta elkarri entzuteko lekuak. Izaera horretan oinarrituz, Plaza egitasmoak bilatzen du gipuzkoarren ongizate integrala bultzatu eta aldarrikatzeko gune ireki bat sortzea. Eguneroko bizitza eta mundu azeleratu honetan tarte batez geratu, elkarri entzun eta ongizateaz gogoeta egiteko gune irekia da Plaza, gipuzkoarrok batzen gaituzten komunitate balioekin bete-betean bat egiten duena.
Zertarako jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo hori martxan?
Lehenik eta behin, gizarte gisa ongizate integralaren desafioa Gipuzkoako herri eta auzoetako plazetara ekartzeko. Ongizate integrala sustatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiak agintaldi honetan bere buruari jarri dion lehentasun nagusia, ikusten dugulako, orokorrean egoera ekonomikoa ona bada ere, pertsonei eragiten dieten errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen ari direla gure artean, komunitate gisa erantzun bat eman beharrekoak. Osasun mentala, nahi ez den bakardadea, adikzioak, bazterkeria...
Nori zuzendutako egitasmoa da?
Herritar orori zuzendutakoa, beti ere begirada plural batetik abiatuz. Egitarau zabala eta erakargarria prestatu dugu, hain zuzen ere herritar orok –berdin du zer afizio, adin eta gaitasun dituen– aurkitu dezan aukera bat parte hartzeko, bere iritzia partekatzeko eta ongizate integralaz gogoeta egiteko.
Lehen jardunaldia Zarautzen egingo duzue. Zergatik?
Uda garaia izanik, kostaldeko herri batean egitea komeni zen. Bizitza eta mugimendu handia dituen herria da Zarautz, komunitatearekin konprometitutako pertsonez eta elkartez osatua, eta baldintza guztiak betetzen ditu. Era berean, Plaza lantzeko garaian, udalarekin elkarlana estua izan da.
Askotariko gaiak landuko dituzte. Zertarako?
Ongizate integrala sustatzeak esan nahi du gizarte gisa hainbat eztabaidari eta gairi ekitea, eta, baita ere, herritar eta pertsona bezala norberak bizitza orekatu eta osasuntsu baten aldeko ohiturak lantzea. Gai asko barnebiltzen ditu ongizate integralaren ikuspuntuak: buru osasuna, inklusioa, kirola, elikadura osasuntsua eta gertukoa, natur ingurunea eta abar.
Halako hitzordu gehiago egingo al dituzue?
Lehena beti da froga bat eta, beraz, Zarautzen Ongizatearen Plaza gauzatu ondoren baloratu beharko dugu ea nolako harrera izan duen. Gure asmoa da, esperientzia honetatik abiatuz, Gipuzkoako herri gehiagotara ere eramatea.