Eguzki galgatan eta herritar ugariren animopean jokatu zuten larunbatean Jokin Ormaetxearen omenezko Martirietako Igoera Azkoitian, aldaketa ugarirekin. Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitri triatloi taldeak hilabetez aurreratu dute lasterketa, eta aurten, txirrindularitzakoa ez ezik, korrikako proba ere prestatu dute. Txirrindularitza proban, gizonetan, Eñaut Eizagirre zarauztarra izan zen txapelduna.
Estreinakoz egin zuten korrikako probarekin hasi zuten aurtengo igoera 10:00etan. Guztira, 47 lagunek osatu zuten korrikako proba, eta gizonetan Aitor Mimenza nagusitu zen. Azpeitiarrek osatu zuten gizonen podiuma; izan ere, Mimenzarekin batera, Xabar Manzisidorrek eta Oier Etxeberriak osatu zuten podiuma. Manzisidor bigarren sailkatu zen eta Etxeberria bigarren.
Emakumeetan, berriz, Adirane Peñagarikanok jantzi zuen txapela. Haren atzetik sailkatu ziren Maite Beregaña eta Maite Diaz de Zerio azkoitiarra, hurrenez hurren. Mimenza nahiz Peñagarikano gustura agertu ziren egindako denborarekin nahiz proban izandako giroarekin. Mimenzak, gainera, korrikako proba ez ezik, txirrindularitzakoa ere jokatu zuen.
Txirrindularien artean, Eñaut Eizagirre zarauztarra (0.11.45) eta Haizea Ribera azkoitiarra (0.15.45) izan ziren helmugaratzen aurrenak. Eta haiek ere sentipen onekin bukatu zuten proba. Txirrindularitzako lasterketan, gizonen arteko lehia estua ikusi ahal izan zen, azken metroak ia batera egin zituztelako podiuma osatu zuten Eizagirrek, Javier Goitiak eta Oier Ibarguren azpeitiarrak. Bi horiek batera helmugaratu ziren. Emakumeetan, aldiz, azkoitiarrek osatu zuten podiuma: Amaia Aizpuruk bigarren egin zuen eta Nahikari Oriak hirugarren. Guztira, 69 txirrindulari lehiatu ziren lasterketa horretan. Beste urte batez, eta berrikuntzak berrikuntza, giro paregabea izan zen Martirietako igoeran.