Footbridge Awards sarietako antolakuntzak arreta berezi jarri du Iñurritzako biotopoko zubian, eta nazioarteko beste hiru azpiegiturekin batera, finalisten artean izendatu du short span (argi txikikoen) kategorian. Callanderreko (Erresuma Batua) Bracklinn Falls zubia, Trogirko (Kroazia) Foša kanaleko zubia eta Tuttlingengo (Alemania) Rathaus zubia dira gainerako hautagaiak. Hiru urtean behin ematen dituzte Footbridge Awards sariak, eta munduko pasabide inspiratzaileenen proiektuen atzean dauden berrikuntzak, trebetasunak eta ingeniaritzako diseinuak aitortzen dituzten bertan. Aurtengo lan irabazleak irailaren 3an jakinaraziko dituzte.
2019an, egiturazko arazoak atzeman zituzten garaiko Zarauzko kanaleko egurrezko zubian. Hori horrela, 2021an, Gipuzkoako Foru Aldundiak 250.000 euroko inbertsioa egin zuen zubia erabat berritzeko. Anta Ingeniaritzak diseinatu zuen azpiegitura berria, non ingeniariek balearen kontzeptua hartu zuten erreferente gisa zubia egiteko orduan. Horrez gain, egurrezko egitura corten altzairuzko akabera duen materialarekin ordezkatuko zuten.
Obrak exekutatzeko ardura Construcciones Mariezcurrena SL enpresari esleitu zizkioten, eta 2023an aritu zen zeregin horretan. Urtarrilaren erdialdean ekin zioten lanei, eta zubiaren egitura apirilaren erdialdean kokatu zuten; epe luze horretan bidea itxita egon zen oinezkoentzat. Muntaketa prozesuak ikusmina sortu zuen egun haietan, hondartzan deskargatu zutelako egitura, handik biotopora eramateko.