Atzo arratsaldean egin zuten herriko kaleetatik barrena sanpelaioetako haurren danborrada, eta denak batera elkartu ziren Lege Zaharren Enparantzan, 20:00 aldera. Guka Telebistak zuzenean bota zuen plazako egonaldia.
Vista Alegretik, Iñurritzatik, Azken Portutik eta Itxasmenditik irten ziren haurrak, eta plazan elkartutakoan, denak batera jo zituzten hainbat pieza. Zehazki, lau umek bertso bana eskaini zuten, eta ondoren, bost pieza jo zituzten gaztetxo guztiek beren danbor eta barrikekin. Ekitaldia amaitzeko, Haur Kultur Taldea osatzen duten kideak igo ziren plazaren erdian kokatuta zegoen oholtzara, eta elkarri helduta jo eta abestu zuten azken ereserkia: Pelaio, Pelaio. Abestia amaitzearekin batera kendu zituzten haurrek txapelak, zerurantz botatzeko.