Euskabaloiko Euskal Selekzioak Finladiaren aurka jokatuko du Aritzbatalden

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 5a, 14:00

2023ko Euskal Selekzioaren eta Finlandiaren arteko partida. (Euskal Federazioa)

Larunbat eguerdian neurtuko dituzte indarrak, eta sarrera doakoa izango da. Igandean, berriro jokatuko dute elkarren aurka, baina Andoaingo kiroldegian.

Euskal Eskubaloi Federazioak antolatuta, gizonezkoen senior mailako Euskal Selekzioak eta Finlandiakoak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Basque Country International Cup-en barruan, bi partida jokatuko dituzte asteburu honetan; bata, larunbat honetan, 13:00etan hasita, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, eta bestea, igandean, 16:30ean, Andoaingo Allurralde kiroldegian.

Aukera paregabea izango da beste behin Euskal Selekzioarentzat nazioarteko selekzio baten aurka lehiatzeko; gogoan izan behar da duela hilabete batzuk Amenabar Zarautz aritu zela Txileren aurka. Halako egitasmoak, euskal jokalarien talentua frogatzeko ez ezik, kirolaren bidez nazioarteko zubiak eraikitzen jarraitzeko baliagarriak dira.

Topaketa hau Zarautz Eskubaloiaren eta Leizaran Eskubaloiaren lankidetzari esker izan da posible, baita Zarauzko eta Andoaingo udalen, Eusko Jaurlaritzaren, Basque Teamen, EKFBren eta Federazioaren enpresa laguntzaileen esker ere.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, partidetako sarrera librea izango da; betiere, edukiera bete arte. Era berean, ondorengo deia luzatu dute: "Euskadiko eskubaloiaren familia osoa eta zaleak gonbidatzen ditugu gure selekzioa nazioarteko erronka berri honetan laguntzera eta animatzera".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide