Jon Benitok literatur egonaldia egingo du Bartzelonan

Aritz Mutiozabal 2025ko mai. 28a, 11:00

Jon Benito idazle zarauztarra. (Etxepare Euskal Institutua)

Jacint Verdaguer poeta zenaren Vil-la Joana masian igaroko ditu hiru hilabete, eta bertan bere hurrengo sorkuntza prozesua garatuko du.

Etxepare Euskal Institutuak Bartzelonako Udalarekin egindako hitzarmenaren ondorioz, Jon Benito idazleak hiru asteko egonaldi literarioa egingo du Vil-la Joana idazketa egoitzan. Bartzelona Literatur Hiria izeneko programaren barruan, Jacint Verdaguer poeta katalanak bere azken urteak bizi izan zituen masia mundu osoko autoreen egoitza literarioa bihurtuko da, eta egile zarauztarra horietako bat izango da; Etxepare institutuak deialdi bidez aukeratu du euskal idazle egoiliarra, hain zuzen ere.

Benitok egonaldia baliatuko du Bartzelonan gertatzen den bere hurrengo nobelaren sorkuntza-prozesua garatzeko. Antonio Lopez eta Salvador Puig-Antichen bizitzen gurutzatzea landuko du, eta memoria kolektiboak duen lekuari buruz ariko da. Atzo abiatu zuen prozesua eta ekainaren 16a bitarte iraungo du.

Historia ikerketa, prentsa artikuluak eta poesia zein narrazio lanak egin ditu bere ibilbidean, hala nola Bulkada (2010) edo Lagun minak (2022) liburuak argitaratuz. Azken lanari esker, gainera, Espainiako Kritika Saria irabazi zuen euskarazko narratiba arloan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide