Larunbat honetan hasiko da hondartza denboraldia

Mireia Galarza Bastida 2025ko mai. 26a, 10:30

Ibai San Martin, hondartza parean. (Udala)

11:00etatik 20:00etara sorospen zerbitzuak sei bainu gune finkatuko ditu eta, une oro, 23 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat egongo dira bainularien segurtasuna bermatzen. Bestelako zerbitzuak ere larunbatetik aurrera jarriko dituzte martxan, hala nola toldoak, dutxak eta komun autogarbigarriak. Guztira, 839.970,80 euro bideratuko dituzte uda honetako sorospen zerbitzura.

Uda garaia gertu izanda eta aurreko urteetan hartutako erabakiari jarraipena emanez, Zarauzko Udalak hondartza denboraldiaren hasiera aurreratuko du aurten ere. Hain zuzen ere larunbat honetan hasiko da denboraldia, hilaren 31n. “Ekainaren 1ean hasi ordez, egun bat lehenago hasteko erabakia hartu dugu aurten, honela asteburu guztian zehar sorospen zerbitzua izango da Zarauzko hondartzan, ez bakarrik igandean”, azaldu du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak.

Erabaki horrekin, sorospen zerbitzua maiatzaren 31n hasiko da Zarautzen eta, aurreko denboraldian bezala, BPXport izango da hondartzako sorospen zerbitzuaren arduraduna. 11:00etatik 20:00etara sorospen zerbitzuak sei bainu gune finkatuko ditu eta, une oro, 23 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat egongo dira bainularien segurtasuna bermatzen. Uda honetan ere sorospen zerbitzuak lagundutako bainu zerbitzua eskainiko du mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonentzat eta, horretarako, eskuragarri izango ditu aulki anfibio bat eta lur orotako bi aulki. Guztira, 839.970,80 euro bideratuko dituzte uda honetako sorospen zerbitzura.

Aipatutako zerbitzuaz gain, gainontzeko zerbitzuak ere asteburuan jarriko dituzte martxan. Toldoek Zarauzko hondartza koloreztatzen jarraituko dute uda garaian eta hareatzako hiru gunetan dutxak ahalbidetuko dira: Munoa plazaren beheko aldean dauden lokaletan, Madoz kalearen parean eta sorospen zerbitzuaren zaintza postuan. Honez gain, Borguettoko eremuko komunak eta malekoian dauden bi komun autogarbigarri ere eskuragarri egongo dira.

Udaletik azaldu dutenez, hondartzako zerbitzuekin batera, urtean zehar herrian eskaintzen dituzten zerbitzu askok ere errefortzua izango dute udan zehar, esaterako, kale garbiketak. Era horretan, udako denboraldia hastearekin batera, malekoiko eta inguruko kaleetako garbiketa indartuko da, hilabete horietan izaten den jende mugimenduari erantzuna emateko.

Kontzientziazio kanpaina

Aurreko urteetan bezala, moilako bainu-guneak ere soroslea izango du. Bainularien segurtasunaz arduratuz, datozen asteetan udalak kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan. Kanpaina honen baitan, moilan bainu segurua eta tranpolinetik salto egiteko jarraitu beharreko zentzuzko pausoak komunikatuko dira. Azaldu dutenez, !segurtasun neurriak errespetatzearen garrantziaz kontzientziatzea" da kanpaina honen helburua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide