Euskara eta bertsogintza sustatze aldera, Zarauzko Udalak 41. Basarri Bertsopaper Saria antolatu du, eta dagoeneko eskuragarri jarri ditu oinarriak eta izen-emate orriak. Ibilbide eta tradizio handiko lehiaketa da honakoa, eta sona handiko jendeak irabazi du urte hauetan guztietan: Pello Esnal, Imanol Lazkano, Andoni Egaña, Ane Labaka, Xabier Etxeberria, Ekaitz Goikoetxea eta Aner Peritz, besteak beste. Iaz Aitor Bizkarra abadiñarrak irabazi zuen Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari bertso sortarekin.
Ohi bezala, sariketara aurkezten diren lan bakoitzak zortzi bertso izan behar ditu, gutxienez ere. Gaia librea izango da, eta bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan bidali ahal izango ditu, eta horiek originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute ezinbestean.
Lanak bidaltzeko epea ekainaren 20an bukatuko da, eta posta elektronikoz aurkeztu beharko dira, kultura@zarautz.eus helbidera helarazita. Iaz bezala, Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Unai Muniainek osatuko dute epaimahaia, eta uztaileko lehen astean jakinaraziko dute irabazlizena; honek 1.800 euro garbi jasoko ditu. Sari banaketa ekitaldia Bertso Astearen barruan izango da, ohi bezala, Bertso Musikatuen gauean.