Aitor Bizkarrak irabazi du aurtengo Basarri Bertsopaper Saria

Mireia Galarza Bastida 2024ko uzt. 4a, 15:00

Aitor Bizkarra bertsolaria. (Bertsoa.eus)

Epaimahaiaren ustez, gaiari heltzeko egileak erabilitako ikuspegia "oso originala" izan da. Gehitu dutenez, itsas terminologiak eskaintzen dituen aukerak "ongi baino hobeto" baliatu ditu bestelako kontuez aritzeko.

Aitor Bizkarra bizkaitarrak irabazi du aurtengo Basarri Bertsopaper Saria. Abadiñoarra izan da bertsolaritza sariaren XL. edizioaren garailea, Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari bertso sortarekin.

Unai Muniain, Nahikari Gabilondo eta Andoni Egañak osatu dute aurtengo sariketaren epaimahaia eta azaldu dutenez, gaiari heltzeko egileak erabilitako ikuspegia "oso originala" izan da. Gehitu dutenez, itsas terminologiak eskaintzen dituen aukerak "ongi baino hobeto" baliatu ditu bestelako kontuez aritzeko, eta literatura baliabideak "egoki" erabiltzeaz gain, esanindarrari mesede egiten dioten erreferentziak ere –Prestige, Atlantida, Anari, Rimbaud…– "tentuz hautatuak" dira. Eta zera gehitu dute: “Bertso egitura oso klasikoa izan arren  –neurri, errima, doinu– bertsoek ohikoan uzten dieten baino tarte handiagoa uzten dio irakurle edo entzule bakoitzaren interpretazioari”.  

Irune Urbieta Kultura zinegotziak azaldu duenez, Basarri Bertsopaper Sariaren 40. edizioan, guztira 12 lan aurkeztu dituzte. "Pozgarritzat" hartu du hori, bere ustez, "nabari delako herri honek izan duen bertsolaritzarako eta sormenerako grina oraindik bizirik dagoela". Urtero-urtero "hain maila oneko" lanez gozatzeko aukera izatea ere positiboki baloratu du zinegotziak.

Sari banaketa ekitaldia Bertso Astearen baitan egingo dutea datorren uztailaren 11n, bertso musikatuen saioaren ostean. Txapelarekin batera 1.800 euroko saria jasoko du Bizkarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide