Partzialki eremu tentsionatu izatetik erabat tentsionatua izatera pasatu da Zarautz

Onintza Lete Arrieta 2025ko mai. 6a, 10:30

Zarautz Santa Barbaratik begiratuta. (Guka)

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak atzo argitaratu zuen eremu tentsionatu izateko irizpideak betetzen dituzten udalerrien zerrenda eguneratua. Udaleko Etxebizitza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek positibotzat jo ditu argitaratu berri diren datu berriak.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak atzo aurkeztu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua, eta txosten horrekin batera, webgune berri bat martxan jarri dutela jakinarazi zuen, herritarrei horrelako arloetan maizter edo jabe gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri emateko.

Udalerrien zerrenda eguneratu horretan, Urola Kosta eskualdeko hainbat ageri dira. Zarautz, partzialki eremu tentsionatu izatetik erabat tentsionatua izatera pasatu da; Zarauzko PSE-EEren udal taldeak gune tentsionatu izendatzeko prozesua abiatzearen inguruko mozioa aurkeztu zuen otsaileko plenoan, eta EH Bilduren aldeko botoei esker aurrera egin zuen proposamenak.

Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Etxebizitza zinegotzia eta EAJ udal taldearen bozeramaileak adierazi du gai honen inguruan "koherentziaz" jokatu dutela eta Eusko Jaurlaritzaren datuak "ontzat" eman dituztela beti. "Gainera, beti esan izan dugu zarauztarren artean diferentziak egitea ez litzatekeela zuzena, Zarautz bat delako eta zarauztarrek eskubide eta betebehar berak eduki behar dituztelako".

Otsaileko Osoko Bilkuran esandakoa ekarri du gogora Oiarbideak: "Bizkaia kalea 15en bizi diren zarauztarrek eta Bizkaia kalea 2n bizi direnek arazo berdinak dituzte eta soluzio berak merezi dituzte. Horregatik, ez genuen Zarauzko lehenengo barrutia bakarrik tentsio eremu izendatzearen alde egin. Argitaratu berri diren datu horiekin aukera hori baztertuta geratzen da eta, zentzu horretan, positiboa da".

Eskualdeko beste herriak

Bestalde, Getaria eta Orio aurreneko aldiz izendatu dituzte eremu tentsionagarri, eta Zestoak eremu tentsionatu kalifikazioa galdu du –izapideak martxan zituen eta irailean zen izendapena jasotzekoa–. Azkoitiari eta Zumaiari dagokienez –horiek ere martxan dituzte eremu tentsionatu izendatzeko izapideak– Azkoitiari buruzko zehaztapenik ez dute eman gaur argitaratutako prentsa oharrean, nahiz eta irizpideak betetzen dituzten herrien zerrendan agertzen den. Zumaia, berriz, eremu tentsionatuen zerrendan sartu dute jada.

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratu duenez, eremu tentsionatu izateko legez ezarritako hiru irizpideetako bat gutxienez betetzen duten 32 udalerri identifikatu dituzte guztira Euskal Autonomia Erkidegoan. Honakoak dira irizpide horiek: alokairu edo salerosketa prezioen igoera handia, edo familia-errentaren % 30etik gorako ahalegin ekonomikoa. Udalerri horiek 1,48 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituztela esan du Jaurlaritzak, hau da, EAEko biztanleriaren % 67,3. Kalkulu hori egiteko, udalerri tentsionagarrien zerrendan sartu dituzte dagoeneko izendatu direnak edo izapidetze-prozesuan daudenak, tartean: Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao (2. barrutia), Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lezo.

Tentsio handiko eremu izendapenaren helburua zera da, alokairu prezioen igoeraren aurrean erakundeek esku hartu ahal izatea. Espainiako Kongresuak 2023an onartu zuen Etxebizitza Legeak jasotzen du alokairuen prezioen igoera balaztatzeko neurri hori.

Elkarlanerako deia

Prentsaurrekoa Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Miguel de los Toyos Hirigintza sailburuordeak eta Mario Yoldi Etxebizitza Plangintza zuzendariak eman zuten, eta Itxasok azaldu zuen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak eremu tentsionatuak izendatzeko eredu bat aukeratu duela "udalekin egindako itunean oinarritua", eta gogorarazi du udalek hiru urteko ekintza plana egin behar dutela prozesu horren barruan: "Plan horren helburu nagusia babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean eraikitzen laguntzeko".

Horregatik, eskaera zuzena egin die udalei, Jaurlaritzari lagundu diezaioten: "Udalei eskatzen diegu lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal-ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal-eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko, horiek gabe zaila izango bailitzateke tentsionamendutik ateratzea".

Webgune berria herritarrak informatzeko

Bestalde, gaur aurkeztutako webguneak informazio eguneratua jasotzen du eremu tentsionatu izendatutako udalerriei buruz, horietako bakoitzak datozen hiru urteetan bizitegi-tentsioari aurre egiteko garatuko dituen ekintza planei buruz, eta baita gida praktiko bat ere, sarritan egiten diren galderak biltzen dituena eremu tentsionatuek maizter zein jabeei nola eragiten dieten jakiteko.

Udalerri bakoitzeko alokairuaren prezioen bilakaera ere aurki daiteke webgunean (mapa interaktibo bat eskaintzen du) eta euskal herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoko informazio guztia, beren politikekin etxebizitzarako sarbidea hobetzen laguntzen duten administrazio guztiei buruzkoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide