Pasa den larunbatean ospatutako Gazte Ekintzaileen Azoka "arrakastatsua" izan dela dio Zarauzko Udalak. Santa Klara komentuan egin zuten egitasmoa bigarren urtez, eta, bertan, hamabi gaztek –hamar zarauztarrek, zumaiar batek eta donostiar batek– beraien ekintzailetza proiektuak ezagutarazi zituzten.
Makillajea, bitxigintza, moda zein bestelako esparruetako proiektuak jendaurrean jarri zituzten egun osoan zehar, eta, horrez aparte, moda desfile eta zuzeneko irratsaio bana ere egin zituzten bertan. Eguna agurtzeko, Imanol Urbieta Musika Eskolako talde baten kontzertuaz gozatzeko aukera izan zen komentuan.
Zarauzko Udaleko Gazteria zinegotzi Irune Urbietaren esanetan, Gazte Ekintzaile Azokaren bigarren edizio hau "urtean zehar egindako lan askoren fruitua da". "Zarauzko Udala, Gazteria departamentuaren bitartez, beti izango da bidelagun gazteek euren lana ikusarazteko ekimenak sustatzen”, gehitu du. Horrez gainera, Urbietak eskerrak eman nahi izan dizkie azokan parte hartu duten sortzaile zein boluntario guztiei: "Zuen laguntzarik gabe ez zen posible izango ekimen hau gauzatzea”.
Hala, dagoeneko datorren urteko edizioari begira jarri direla ere gehitu zuen zinegotziak. Halaber, azpimarratu zuen azokaren helburua dela "gero eta gazte gehiago beraien lanak erakustera animatzea: "Ekimen hau urteetan zehar herrian indarra hartzen joan dadin nahi dugu, bistakoa baita gure herrian ekintzailetzarako harrobia badagoela".
Ondorengo ekintzaileek parte hartu zuten azokan:
- ECLATER eta FLOWBYER – Eneritz Rojas.
- NUDO – Sara Isasti.
- DANNAGATIK – Alegna Ferrer.
- AIALOCK – Olaia Eizaguirre.
- EIDIKO – Uxue Mateo.
- MAWY BITXIAK – Ane Dominguez eta Laura Olabarria.
- HAÏRA – Irati Elizalde.
- DARRK STUDIO – Markel Velez.
- BE KREW – Kristina Isasti.
- UXUE ARGIÑANO.
- MARMARRIAN – Ian Ruiz.