Gazte Ekintzaileen Azoka egin zuten atzo arratsaldean Santa Klara komentuko aretoan, baina egitasmoa azoka baino are gehiago izan zen. Guztira, dozena bat ekintzaile animatu zen bertan parte hartzera, baikoitza bere alorrean, proposamen sortzaileak, berritzaileak eta propioak aurkezte aldera.
Askotariko artisau produktuen postuak jarri zituzten, beren irudien erakusleiho ez ezik, salmenta zuzena egiteko; hala nola bitxigintza (Olaia Eizagirre, Uxue Mateo, Ane Dominguez eta Laura Olabarria, Eneritz Rojas, eta Irati Elizalde), modako arropa (Markel Velez) eta puntuz egindako produktuak (Sara Insasti eta Alegna Ferrer).
Era berean, Ian Ruiz Lizasok Marmarrian podkast berezia eskaini zuen zuzenean, postua jarri zuen ekintzaileak elkarrizketatuz, haien lana ezagutzera emateko; egoerarako, gainera, Markel Velezek diseinatutako arropa eraman zuen jantzita.
Egitasmoak aurrera egin ahala, moda desfileaz gozatzeko aukera izan zuten komentura bertaratu zen jende andanak. Hiru diseinatzaileren kolekzioak aurkeztu zituzten, Ian Ruiz Lizasok gidatuta: Kristina Isastik, Uxue Argiñanok eta Markel Velezek, hain zuzen ere. Makilaje lanetan, berriz, Eneritz Rojas aritu zen. Ikusmin handia sortu zuten hirukotearen moda ekarpenek, eta txalo artean erantzun zuen publikoak.
Egitasmoa biribiltzeko, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako bi talde konbinatuek girotu zuten azoka; bietan, gainera, Iñigo Isasti irakaslea izan zuten lagun.