Eskualdetik igaroko da Euskal Itzuliko hirugarren etaparen lehen zatia, baina protagonismo berezia hartuko du batez ere Zarautzek. Gaurko lasterketaren abiapuntua Zarautz izango da eta 156,6 kilometro osatu ondoren, Beasainen helmugaratuko da tropela. Horrelako kirol egitasmo bat udalerrira ekartzeak dakarren esfortzua ikusita, atzotik lanean ari dira Araba, Zuberoa, Frantsesbide eta Herrikosoro kaleetan, guztia behar bezala atera dadin; trafiko mozketak ere egin dituzte goizean goizetik.
Hesituta daude jada aipatu kaleak, Itzuliko babesle guztiak ongi erakutsiz, eta babeserako autoak eta motorrak iritsi dira herrira. Antolatzaileak, udaltzainak, anbulantziako kideak... Hartu beharreko segurtasun neurriak aktibatuta daude. Eta agertoki nagusi dagoeneko prest dago, 12:00etan hasiko den txirrindulari taldeen aurkezpenerako. Taula gainean hiru maillot preziatuak daude erakusgai, jendaurrean, baina momentu jende gutxi dabil. Eguerdian animatuko da, 13:27an pelotoiak kiroldegi aurretik –Zubero kaletik– irteera kontrolatua egiten duenean.
Jarrain, kostako N-634 errepidea hartuta, Getaria aldera abiatuko dira (13:37), eta Zumaia igaro ondoren (13:46), Oikira hartuko dute (13:53). Meagara igo (13:59) eta berriro Zarautzera egingo dute buelta (14:05), eta handik Aiara joko dute (14:22); Andazarratera (14:33) igo ondoren Asteasura jaitsiko dira.
Tolosaldean ibili ostean, berriro ere eskualdean barneratuko dira: San Agedatik Beizamara iritsiko dira (15:22), eta handik Nuarbera (15:30), segidan Matxinbetara joateko (15:37). Behin Mandubiara igota, Goierrin barrena jokatuko da etapako bigarren zatia. Lasterketa 17:30 aldera bukatuko dela aurreikusten du antolakuntzak.