El Salvadorko azken etapa ere Ostolazarentzat

Intza Trula 2025ko api. 7a, 10:00

Usoa Ostolaza El Salvadorreko laugarren eta azken etapan, helmuga igarotzen. (Laboral Kutxa)

Laugarren eta azken etapa irabazi zuen zarauztarrak atzo. Hori hala, El Salvadorko Tourrean bigarren postuan amaitu du Ostolazak.

El Salvador herrialdean jokatutako itzuliaren laugarren eta azken etapako garaile izan zen atzo Usoa Ostolaza. Ostegunean, apirilak 3, abiatu zuten El Salvadorko Tourra, eta lehen etapa horretan ere txapeldun izan zen Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindularia. Hori horrela, emaitza guztiak kontuan izanda, sailkapen nagusian txapeldunorde geratu da Ostolaza El Salvadorreko itzulian, Elena Hartmann (Ceratizit) liderrarengandik bi segundora.

Ostolazaz gainera, Laboral Kutxa-Euskadi taldeko Yanina Kuskova ere podiumera igo zen atzokoan, hirugarren egin baitzuen azken etapa horretan. Kuskovak liderrarengandik sei segundora amaitu du. Halaber, Ostolaza Mendiko Sarian nagusitu da.

Peio Goikoetxea Laboral Kutxa-Euskadi taldeko kirol zuzendariak dio taldea "oso ondo" ibili dela itzulian, eta datozen erronkei "gogo handiz" helduko dietela. "Amaiera polita lortu nahi dugu", gaineratu du. Ceratizit taldea ere zoriondu nahi izan du Goikoetxeak: "Gure helburua sailkapen nagusiari eraso egitea zen, baina Ceratizitek ere talde indartsua ekarri du hona".

Hiru proba aurretik

Laboral Kutxa-Euskadi taldeak beste hiru proba jokatuko ditu El Salvadorren: hain zuzen ere, El Grand Prix El Salvador lasterketa jokatuko dute bihar, Grand Prix Presidente etzi eta Grand Prix Surf City ostegunean.

Proba horietan ariko dira, Usoa Osotolazarekin batera, Naia Amondarain, Yuliia Biriukova, Arianna Fidanza, Yanina Kuskova, Catalina Soto eta Laura Tomasi txirrindulariak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide