El Salvadorreko Tourreko lehen etapa irabazi du Usoa Ostolazak

Juan Luis Romatet 2025ko api. 4a, 10:00

Usoa Ostolaza helmugara heltzen, El Salvadorreko Tourreko lehen etapan.

Txirrindulari zarauztarra bigarren da Erdialdeko Amerikako herrialde horretan jokatzen ari diren itzulian, liderrarengandik bi segundora. 

Garaipen handia lortu zuen atzo Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarrak El Salvador herrialdean jokatzen ari diren itzulian. El Salvadorreko Tourreko lehen etapa jokatu zuten atzo, eta Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindularia izan zen irabazlea. 

Surf City eta Nahuizalco hirien arteko 97,5 kilometroko etapa bete behar izan zuten atzokoan txirrindulariek. Amaieran, gainera, %5,6ko pendizak zituen bost kilometroko mendia igo zuten ziklistek. Azken malda horretan erasoa eginda lortu zuen Ostolazak garaipena. Bakarrik heldu zen helmuga puntura, aurkariekiko hiru segundoko aldearekin. Bigarren izan zen Hartmann (Ceratizit), zarauztarraren taldekide Kuskova hirugarren eta Miermont (Ceratizit) laugarren.

Hartmann da egun El Salvadorreko itzuliko liderra, eta bigarren da Ostolaza, bi segundora. Mendilo liderra ere bada Laboral Kutxa-Euskadiko txirrindularia. Euskal taldea da une honetan taldekako sailkapeneko lehena. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide