Muxikoen eguerdiko saioa bukatu bezain pronto, Zarauzko Euskaraldiko Batzordeak hartu du lekukoa, aurtengo hamaikakoa aurkezteko. Euskaraldiaren Zarauzko dinamizatzaile Uxue Alkortaren gidaritzapean, 11 laguneko talde anitza ezagutzeko parada izan da Musika Plazan. Zarautz islatzen duen gizon zein emakume, gazte zein heldu, eta jatorri ezberdinetako herritarrez osatua, hain zuzen ere.
Azken bi asteetan hamaikakoa osatuko zuten kideak sare sozialen bidez aurreratzen joan diren arren, gaur elkartu dituzte guztiak kiosko gainean: Iñaki Azkue (begiralea), Celeste Martinez (Guatemalako euskalduna), Aitzpea Agirrezabala (Santa Marina Jai Batzordeko kidea),Tasio Gorrotxategi (Literaturiako kidea), Marian Galarraga (Zirika euskara elkarteko kidea), Mari Jose Itsaso (Euskaraldia Hika ordezkatzen), Bouba Mbaye (Senegalgo euskalduna), Jone Albisua (Nik tri triatloi elkarteko kidea), Hilario Garcia (Udal euskaltegiko ikaslea ), Goizane Arregi (Alaken taldeko kidea) eta Jose Inazio Elias (txistularia eta Alaken taldeko kidea).
Alkortak adierazi du haimaka modu daudela Euskaraldian parte hartzeko, euskarara hurbiltzeko eta euskara gehiago hitz egiteko hautua hartzeko. "Hamaikakoarekin, beraz, errealitate ezberdin horien argazkia irudikatzen ahalegindu gara", nabarmendu du. Era berean, argi utzi nahi izan du Euskaraldiak errealitate guztien hizkuntza "praktiketan eragilea" duela helburu: "Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan entzun eta egitea". Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du "elkar mugitzea" eta "elkar eragitea"..
Zarauzko Euskaraldiaren dinamizatzaileak hamaikakoa osatzen duen norbanako bakoitzaren asmoak, erronka eta helburuen berri eman ditu, eta aurrerantzean herritarren txanda dela zehaztu du. Ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu gaurtik bertatik, ahobizi edo belarriprest modura. Horretarako, postua jarri dute Musika Plazan bertan, herritarrek izena eman ahal izateko, baita Euskaraldiko materiala erosteko aukera izan zezaketen ere.