Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi ataleko jokalari jubenilak dira Markel Errasti eta Elene Fresco. Biak zarauztarrak eta adin berekoak, 2008an jaioak. Eta kasualitateak kasualitate, biak hautatu dituzte Espainiako selekzioarekin Mediterraneoko Txapelketa jokatzeko. Diferentzia nabarmen batekin, baina: Frescok otsailean egin zuela, eta Urrestik apirilean izango duela horretarako parada.
Duela hilabete izan zen jubenil nesken mailako Mediterraneoko Txapelketa Podgorican (Montenegro), eta Espainiako selekzioa nagusi izan zen bertan. Garaipenaren parte izan zen ZKE eskubaloiko jokalaria, eta gustura dago erdietsitakoarekin: "Azken urteetan emaitza onak lortu ditugu selekzioarekin, eta gure entrenatzaileen helburua bazen txapelketa irabaztea. Edonola ere, uztailean jokatuko dugun Europako Txapelketarako prestaketa gisa hartu genuen txapelketa, eta, nolabait ere, gozatzeko asmoz eta dena ematera joan ginen hara", azaldu du Frescok.
Europara begirako prestatze lanarekin "pozik" agertu da: "Talde ona osatu dugu, multzo polita eta sendoa, eta oso ongi moldatzen gara elkarrekin. Azken finean, garrantzitsuena hori da, ondoren kantxa barruan behar bezala funtzionatzeko, baita kanpoan ere". Grezia, Zipre, Serbia, Errumania eta Esloveniaren aurkako ligaxkan lehen postua eskuratu ostean, Montenegroren aurka neurtu zituen indarrak Espainiak final handian. Lehia estu baten ostean, 14-19ko markagailuarekin urrezko domina eskuratu zuen taldeak.
Txapelketa osoan partida bakarra galdu zuten, eta hori Errumaniaren aurka izan zen. "Kontuan hartzeko taldea [Errumania] izango da Europako Txapelketan, baina badira selekzio hobeak. Edonola ere, gu geure lanean zentratuko gara, geure jokoan, eta horretan kontzentratzen bagara, ongi arituko garela uste dut", aditzera eman du Frescok.
Azkena jakiten
Espainiako Eskubaloi Federazioak promesa mailako Mediterraneoko Txapelketarako hautatuen zerrenda jakinarazi du, eta horien artean dago Markel Errasti ZKE eskubaloi taldeko jokalaria. Ezustean jaso zuen berria, nahiz eta haren ingurukoek berak baino lehen jakin zuten. "Klasean nengoela mezu pila bat iristen hasi zitzaizkidan, hautatu nindutela esanez eta zoriontzen. Ondoren, posta elektronikora sartu nintzen, eta hantxe ikusi nuen deialdiaren mezua. Kristoren poza sentitu nuen!".
Gainera, estreinakoz jokatuko du Espainiako selekzioarekin, eta horrek are bereziago egiten du egoera. Hautatzeko itxaropena ez dela inoiz galtzen azaldu du, baina oraingoan ez zuela inolaz ere espero. "Oso ongi entrenatu nuen, baina hortik aurrera, selekziotik deitzea oso zaila izaten da. Zentzu horretan, ez nuen uste hartuko nindutenik", kontatu du jokalariak. Aurtengo txapelketak Tunisia izango du egoitza, apirileko bigarren astean, eta bi hiritan banatuta jokatuko dituzte neurketak: Hammamet eta Nabeul hirietako kantxetan.
Daniel Sanchez-Nieves entrenatzailearen gidaritzapean, hamasei jokalari elkartuko dira Alcala de Henaresen (Madril) apirilaren 2tik 5era; jarraian, Tunisiara bidaiatuko dute guztiek. Esperientzia bizitzea izango da Errastiren erronka nagusia: «Ahalik eta gehien gozatzera joango naiz, eta lagun berriak egitera. Jakina, eta ahal bada, txapelketa irabaztera». Tamalez, oraindik ez dakite zein selekzio izango dituzten parez pare, ezta partiden egutegia ere.
Euskadiko jubenil mutilen lauko finala, Zarautzen
Jubenil mailako mutilen Euskadiko Txapelketa jokatuko dute gaurtik igandera, Aritzbatalde kiroldegian. Lauko finala izango da, eta Pulpo, Bidasoa, Barakaldo eta Gran Camping Zarautz taldeak lehiatuko dira elkarren aurka; Markel Errasti ariko da etxeko taldearekin. Borroka estua izango da haien artean, eta guztiek nahiko dute garaipena erdietsi, baita sektorerako sailkatu ere.
Pulpok eta Barakaldok neurtuko dituzte indarrak gaur, 17:30ean, eta ondoren, 19:30ean, Bidasoak eta Zarautzek. Bihar, 17:00etan hasita, Pulporen eta Zarautzen arteko derbia izango da; aurretik, 15:00etan, Barakaldo eta Bidasoa ariko dira nor baino nor. Igande goizean izango dute lehia Bidasoak eta Pulpok, 10:30ean; eta Zarautzek, 12:30ean, Barakaldoren aurka.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!