Ekainaren 3an jasoko du Iker Aranberrik Xabier Lete saria

Intza Trula 2025ko mar. 24a, 13:30

Sariaren iragarpen argazkian Aranberri bera eta Gipuzkoako Diputazioko eta Pamielako ordezkariak. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiak pasa den irailean jakinarazi zuen irabazlea, eta orain jakinarazi du sari banaketa ekitaldia noiz izango den. Baden Verboten poema bildumarekin 12.000 euroko saria eskuratu du zarauztarrak.

Ekainaren 3an jasoko du Iker Aranberri zarauztarrak Xabier Lete Nazioarteko VII. Poesia Saria, 18:00etan, Santa Teresa komentuko areto nagusian, Koldo Mitxelena Kulturunearen egungo egoitzan. Iazko irailean jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Iker Aranberri zarauztarrak irabazi zuela lehiaketa, Baden Verboten poema bildumarekin, eta ostiralean ezagutarazi zuen sari banaketa ekitaldiaren eguna. 12.000 euroko saria jasoko du Aranberrik, eta bilduma liburu formatuan ere argitaratuko dio Pamiela argitaletxeak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarezek gogorarazi du sari honek omenaldia egiten diola Xabier Leteri, "berak egin zuen lanagatik". "Euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea lortu zuen, eta humanismoan eta balioen defentsan oinarritutako euskal identitatearen eraikuntzan lagundu zuen" gehitu du Alvarezek.

Aranberrik aitortu du "ilusioz" jasoko duela saria: "Beti izan dut noizbait liburu bat argitaratzeko ilusio hori, eta aparteko poza ematen dit Xabier Lete handiaren izena daraman sariketa bati esker publikatzea nire lehenengo poema bilduma". Halaber, Luis Garde poetaren hitzak ekarri ditu gogora: "Oroimena auzolana dela dio Gardek, eta iruditzen zait erakunde, argitaletxe eta idazleon arteko lan, edo auzolan, honi esker, Leteren figura, izena, lana eta oroimena bizirik mantentzea lortzen dugula". Horrez aparte, sariak "idazten eta sortzen jarraitzeko akuilua" eman diola aitortu du.

Epaimahaiaren begiradatik

Xabier Lete Nazioarteko Poesia Sariko epaimahaiaren iritziz, bildumak “heldutasun poetiko harrigarria du, bai edukian, bai egituran, imajinarioan eta hizkuntzan”. Edizio honetara aurkeztutako hamasei lanen "maila handia" ere goraipatu dute epaileek, eta argudiatu dute Baden Verboten poema bilduma irabazle aukeratzearen arrazoia dela "askotariko gaiak jorratzen dituela".

“Lehen begiratuan eman lezake elkarren artean zerikusirik ez duten hainbat poemaren bilduma hutsa dela, baina inondik inora ez da horrela. Osotasun bakar eta trinko baten bilduma da, eta naturaren ezagutza sakonetik eratorritako irudiek izugarri betetzen dute lana”, azpimarratu dute epaimahaikideek. Horrez gain, zarauztarrak erabilitako euskal literaturari, literatura unibertsalari eta filosofiari buruzko "ohiko erreferentziak" nabarmendu dituzte, "poemen harira behar bezala landuak baitaude". Idazle eta filosofo handiei buruzko aipamenez ere hitz egin dute: "Bilduman zehar erraz identifika daitezke horiek", esan dute.

Aranberriren lanak idazkera "bizia, aberatsa eta egokia" duela iritzi dio epaimahaiak: "Bistakoa da euskararen aukera guztiak sakon ezagutzen dituela -eta maiuskulaz erabiltzen dituela-, hori gabe ezinezkoa delako halako proiektu poetiko handinahia gauzatzea".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide