Gaur zortzi jokatuko da Mahasti Krosa

Intza Trula 2025ko mar. 1a, 09:00

Aurreko edizio bateko Mahasti Kroseko irudia. (Guka)

Herrikrosa.eus webgunean eman daiteke izena, eta oraindik hogei bat dortsal geratzen dira; izan ere, parte hartzea ehun lagunetara mugatuta dago.

Talai Berri txakolindegiak antolatuta, Mahasti Krosa jokatuko dute martxoaren 9an Talaimendiko parajeetan eta Talai Berriko mahastietan barrena. Ohi bezala, txakolindegiaren aurrean hasi eta bukatuko da proba; eta, guztira, 7,2 kilometro ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, 10:30ean hasita.

Parte hartu nahi dutenek herrikrosa.eus webgunean egin dezake inskripzioa. Izena emateko 15 euro ordaindu beharko dira, baina lasterketaren egunean bertan egiten dutenek 18 euro ordaindu beharko dituzte –izena emateko epea lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago itxiko da–. 100 parte hartzaileetan jarri dute muga, eta langa horretara iristeko oraindik hodei dortsal inguru geratzen dira . Dortsala jasotzeko bi aukera izango dira, biak Talai Berrin: bata, hilaren 8an 17:00etatik 19:00etara, eta bestea krosaren egunean bertan, 09:30ak arte.

Sariak lehen hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat egongo dira. Garaileentzat txapela, Manu Urbietaren eskultura eta irabazlearen pisua adina Talai Berri txakolin botila; bigarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadro bat eta sei botilako Talai Berri txakolin kaxa; eta hirugarren sailkatuentzat, Manu Urbietaren koadro bat eta hiru botilako Talai Berri txakolin kaxa.

Bestalde, lasterketan parte hartzen duten guztiei Antton Olariagak diseinatutako kamiseta eta Talai Berri txakolin botila bana oparituko zaie.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide