Sagardo Eguna ospatu dute gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan. Aurten Gipuzkoako zortzi sagardogilek eskaini dute beren uzta, hala nola Aburuza (Aduna), Altuna (Urnieta), Ekain (Zestoa), Izeta eta Satxota (Aia), Lizeaga eta Petritegi (Astigarraga), eta Urdaira (Usurbil) sagardotegiek. Gainera, Euskal Parrilak haragi pintxoak jarri ditu ere herritarren eskura.
Eguraldia lagun, jende ugari elkartu da hasi sagardo denboraldi berriko uzta probatzera. Festa hasi aurretik, ordea, Zurekin ostalari elkarteak herriko ostalariei aitortza egin die, eta aurten, Alai kafetegia 30 urtez gidatu duen bikotea omendu dute: Helena Pedrosa eta Iñigo Intxauspe.
Xabier Txurruka alkateak ere sagardogile eta sagardozale guztiak eskertu ditu ekitaldira bertaratzeagatik: "Ongietorria eman nahi dizuegu Gipuzkoatik etorri zareten sagardogile eta bertaratu zareten sagardozale guztiei. Aurrekoan ezin izan genuen ospatu eguraldia ez genuelako lagun izan. Gaurkoan, ordea, egun eguzkitsu honetan elkartu gara, batetik sagardoaz gozatzeko, eta bestetik, merezitako omenaldia egiteko Alai taberna hainbeste urtez izan duen bikoteari. Bitartean, gozatu dezagun sagardoaz, giroaz eta euskal sagardoaren txinpartaz".
Zurekin elkarteko presidente Martin Argiñanok egin die aitortza omenduei: "Oso harro gaude aurten ere egun hau antolatzea lortu dugulako. Urtero bezala, ostalariak omendu nahi ditugu, aurtengoan Iñigo Intxauspe eta Helena Pedrosa, Zarauzko ostalaritzan bizi osoan lana egiteagatik", esan du. Txalo artean igo dira omenduak oholtzara, eta bertan txapela eta zapia jarri dizkiete, baita lore sorta eta oroigarriak eman ere.
Ondoren aurreskua dantzatu diete, eta omenaldia amaitzeko, Motxian-Etxebeltzeko bertsolariek bina bertso abestu dizkiete bikoteari. Omenduek mikrofonoa hartu eta beren esker ona adierazi dute: "Eskerrak etorri zareten guztioi, hunkituta gaude". Ospakizunarekin jarraituz, herritarrek sagardo kopa eta pintxoa eskuan, gaurko egun eguzkitsuaz gozatu dute Goizeko Ihintza taldeko txistulariek plaza girotzen zutelarik.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!