Lakari kooperatibako kideek Zarauzko landa eremuko emakumeekin berriketan. Entzun, jaso eta ekin! ikerketa lana aurkeztuko dute ostegun arratsaldean, 17:00etan hasita, Merkatu plazako lehen solairuan.
Landa eremuko emakumeak ikusarazteko eta haien egoera aztertzeko, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak beka deialdia egin zuen iragan ekainean. Kooperatibaren proiektua eta dokumentazioa aztertu ondoren, azterlana egiteko hautatu zuten; horretarako, 6.000 euroko laguntza jaso zuen.
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren esanetan, bekaren helburua da landa-eremuko egoera sozioekonomikoa eta kulturala aztertzea, "bertan gertatzen diren genero-desberdintasunak identifikatuz eta horiek gainditzeko estrategiak planteatuz”.
Hain justu ere, horretan aritu da Lakari hilabeteotan: landa inguruneko emakumeen egoeraren azterketa gauzatzen. Horretarako, besteak beste, urria amaieran emakume baserritarrekin askari bat antolatu zuten Urtetako elkartean.