Festa betean murgilduko da bihar Urteta auzoa

Intza Trula 2025eko urtarrilaren 17a

Hainbat lagun, iaz Urtetako jaietan egindako hamaiketakoan. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Bi asteburutan, honetan eta hurrengoan, ospatuko dituzte San Sebastian jaiak Zarauzko Urteta auzoan. Besteak beste, mus txapelketa, hamaiketakoa, herri kirol festa eta erromeria prestatu dituzte larunbat eta iganderako.

San Sebastian jaiak ate joka dituzte Urtetan. Hain justu, bihar abiatuko dituzte frstak auzoan, eta ohikoa denez,  bi asteburutan banatu dituzte ekitaldiak. Urtetako Neska-Mutil Ardo elkarteak egitarau oparoa prestatu du auzotarrentzat zein ondo pasatzera joan nahi duen ororentzat; hala nola mus txapelketa, hamaiketakoa, herri kirol festa eta erromeria izango dituzte.

Egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 16:00. Urtetako XXV. Mus Txapelketa Azkarra, Urtetako Eliz-Mendi elkartean.

Etzi, igandea

  • 10:30. Meza nagusia.
  • 11:00. Hamaiketakoa, auzo elkartean.
  • Ondoren, herri kirol festa Izeta harri jasotzaile eskolako ikasleekin.
  • Goiza amaitzeko, sokatira desafioa auzoko Neska-Mutil Ardoaren eta ezkonduen artean.
  • Goiz osoan zehar, Aratz eta Maria trikitilariak giroa alaitzen.
  • 18:30. Erromeria Elustondo anai-arrebekin.

Urtarrilak 20, astelehena, Sebastian Deunaren Eguna

  • 10:30. Meza, Gure Boza Otxoteko kideek girotuta.
  • 11:00. Hamaiketakoa, auzo elkartean.

Urtarrilak 24, ostirala

  • 21:00. Bertso afaria, auzo elkartean. Bertsolariak: Andoni Egaña eta Joanes Illarregi, Erkizik eta Enaitzek jotako doinuek alaituta.
  • Jarraian, erromeria leku berean.

Urtarrilak 25, larunbata

  • 23:00. Erromeria Lajaren eta Lutxurdioren eskutik.
  • Jarraian, DJ Indate.

Urtarrilak 26, igandea

  • Eguerdian, bazkaria. Bertan Neska-Mutil Ardoko kideek omenaldia egingo diete adinekoei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide